I
Jesus jaio zenetikan
igaro den urte pila
konta izan digutenez,
gutxieneko bi mila.
Hark aldarrikatu arren
pakezko mundu trankila,
geroztik badabilkigu
gerra eta iskanbila.
Zure ikurtzat harturik
Belengo haurtxo umila
anai giroan bazatoz,
ongi etorri Munilla.
Baina itzali frankistek
piztu dizuten bonbila
ta abiatu Belengo
argi izpiaren bila.
II
Hogei eta hamaseian
pasatu zena pasata
guretzat hil edo bizi
Francorentzat gerra santa.
Errugabeak lurpera
eta herriak asalta,
bizirik irten zirenak
malko ugari kostata.
ta Franko paliopean
besterik ez genun falta!
eliza ofizialak
ohitura hoiek dauzka ta.
Esku baten gurutzea
eta bestean ezpata
ez degu nahi hori Kristok
erakutsia ez data.
III
Jesus izenburu dela
zenbat hitz eta idatzi
ahal bada mundutar denei
dotrina hori itsatsi
azken bi mila urteak
bide horretan doatzi
batzueri ez al zaie
lehen mezu hura ahantzi?
Batikanori txaloak,
goresmen eta goraintzi!
Horrek ez digu ematen
behar hainbat segurantzi:
milioika goseak hiltzen
eta berak urrez jantzi
hori ez al da Jesusen
dotrinaren alderantzi?
IV
Fede hori sentituta
nahi ez duena erratu
boterearen sailera
ezin daiteke lerratu
giza eskubide denen
bidexidorrak urratu
gorrotoaren urratsak
behin betirako borratu
eta munduko herrien
nortasun denak onartu
ideia soilengatikan
inor ere ez kondenatu
pakearen uso hura
etxe guztietan sartu
hura litzake denentzat
egizko Espiritu Santu.
V
Baina borroka bizian
hemen ditugu bi talde
ta zoritxarrez biktimak
alde bietan hor daude,
inoiz ez baita gerrarik
igaro izan debalde
gertaera latz honekin
inor gustura ez gaude.
Ez gera inoren aurka,
baizik Herriaren alde!
Gizarte hau egin nahian
pake hutsezko artalde.
Tunel beltz hontan argirik
nahi duen harek bestalde,
Herri honek zer nahi duen
ez beza Madrilen galde.
VI
Jakitez denok dakigu
zer den kristok esan zuna
guziok bete ezkero
dotrina ederrentsuna
kezka dut jaso dugula
Satanasen oihartzuna
eta inpernu bihurtu
zeru izan behar zuna
dotrina honi aurkitu
nahi liokenak zentzuna
maitatu lagun hurkoa
ta gehiena behartsuna
eta inori ez egin
geuretzat nahi ez deguna
hola ulertu nahi degu
Kristo horren maitasuna.
Doinua: Habanera.