Txarrantxa, lepo
Bertso-parrandak badarrai aurrera eta kanporaketen fasea bukatzear da oraintxe. Atzo Txarrantxan jokatu zen hirugarrena eta bertan erabakita geratu zen final-erdietara igaroko den hirugarren taldea zein izango den.
Joseba Agirrek, Haritz Zubizarreta Xubi-k eta Beñat Lizasok osaturiko Joxube hirukotea; eta Jokin Urangaren, Eneritz Arzallusen eta Eneritz Eizmendiren Joare taldea izan ziren atzo, azaroak 19, Azpeitiko Txarrantxa tabernan lehiatu zirenak.
Agurrak
Hasierako agurretatik bero hasi zen saioa. Joare-koak izan ziren lehenak eta Amorerik eman gabe aritzeko asmoa zutela argi utzi zuten izen bereko kantaren bertsio bertsotu batekin. Txarrantxaren kobazulo itxurarekin eta talde aurkariko kideekin sartu ziren ondoren eta publikoaren aldetik izan ziren algararen bat edo beste.
Joxube-koek berriz, tabernaren ezaugarriekin inondik inora bat ez zetorren moduari heldu zioten lehenik eta On Beñat apaizaren sermoiarekin hasi zuten euren bertsoaldia. Ondorren Xubi frailea etorri zen eta honen atzetik, abitua gainetik kendu eta Txarrantxan bertako moduan sentitzen zen Joseba punkiak bere rapeatu eta guzti egin zuen.
Ofiziotan
Agurren ostean bat-bateko lanari heldu zioten eta Beñat Lizaso zaharretxeko leihotik begira zegoen aitona eta Eneritz Arzallus kanpoaldetik begiratzen zion haurra izan ziren ofizioetan lehenik abestu zutenak. Eneritz gona motzarekin ikusita alaitu egin zen aitona baina ez zuen neskatoarekin ligatzen asmatu; partxiserako gonbidapena baino ere, nahiago izan baitzuen aitonari ipuin bat entzutea Eneritzek.
Bigarren ofizioa, guraso izatera zihoazen Jokinek eta Josebak burutu zuten. Beren bikotekideak erditze-gelan zeuden eta eurak berriz, laguntzera sartzeko noiz dei egingo zieten zain pasilloan. Haur baten arduradun izateak zekartzan urduritasunez eta zailtasunez elkarrizketan aritu ziren biak. Jokinek hala abestu zuen bere bigarren bertsoaren amaieran: hauek erditzen nahiko lan ez ta gu_osorik ezin mantendu. Josebak berriz, une horietako egon ezina ederki definitu zuen pasillo motza izan arren bikotekideenganako distantzia luzean zeudela biak zehaztuz.
Azken ofizioa berriz, elkarrekin parrandan ibili eta garabi gainean zegoen autoan esnatu ziren Eneritz Eizmendik eta Xubik egindakoa izan zen. Elkarri errua botatzen ibili ziren eta Xubik behin batera egonda zerbait egin beharko zutela esan zionean, korrika ohera zihoala erantzun zion Eneritzek: baina neure etxera ta lo egitera.
Bigarren zatia
Bigarren zatian, Eneritz Arzallus eta Xubi aritu ziren hamarreko handian elkarri oinak jartzen. Zortzi oin emanda berriz, Josebak eta Eneritz Eizmendik abestu zuten, sei puntuko motzean lehenak eta zortziko txikian bigarrenak. Eta amaitzeko, Jokin eta Beñat aritu ziren puntuka zortzi bertso osatu arte, Txarrantxa gaitzat hartuta hasi ziren, beren lehen mozkorrez eta abenturez aritu ziren eta gehiegi kontatu aurretik isiltzea hobe izango zela esanez amaitu zuten.
Taldekako koplen ariketan, tabernan komunerako iladan denbora luzez zain dauden hiru izan ziren Joxube-koak. Pixa kanpoan egitearen aukera, hustutako botila berriz betetzearena edota atea apurtzearena izan ziren bota zituzten konponbideak. Joare-koei berriz, bertso-parrandarako gonbitea jaso duten hiru bertsozale izatea egokitu zitzaien. Partaideak bertsolariak edo pailazoak diren zalantza agertu zuten eta zenbait taldetako partaideek egiten badute eurak ere ez direla gutxiago jakinarazi zuten.
Epaia
Algara eta irribarre dezentetarako aukera eman zuen saioa izan zen Txarrantxakoa. Sei bertsolariek euren azken agurrak bota ostean, epaimahaikideetako bat zen Manuel Agirretxek habanera bikaina abestuz, Joare taldea izan zela sailkatua jakinarazi zuen.
Hala bada, Eneritz Arzallus, Eneritz Eizmendi eta Jokin Uranga izango dira abenduaren 3an Errezilgo Letea jatetxean, Man taldearen aurka finalerako txartelaren bila lehiatuko direnak.
Bideoa
JOARE eta JOXUBE taldekoen agurrak, Txarrantxako Bertso Parrandako saioan