Desafioan errezildarrak nagusi

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz 2011ko mar. 28a, 12:03

Etxekoak nagusi

Bertso desafioko kideak, Letea jatetxean. Beñat Lizaso, Haritz Etxeberria, Josu Oiartzabal, Nekane Zinkunegi eta Eneritz Arzallus. Argazkian Juan Joxe Eizmendi, Loidisaletxe, eta gaijartzaile Gurutze Oiartzabal falta dira.

Errezildarrek irabazi dute. Agian etxean jokatzearen abantaila izan dutelako. Agurretatik hasi ziren gauzak garbi azaltzen. Ministrok Bertso-Parrandarekin konparatu zuen epaitu beharrekoa, eta Nekanek borrokarako irrika erakutsi zuen, hasiera-hasieratik.

Zortziko nagusian Loidisaletxek eta Beñatek eman zioten abiapuntua. Biak adin berekoak izanda, Loidisaletxe zahar-etxean dago, eta bertako leihotik Beñat dakusa aurreko zelaian segan. Ondoren Mini eta Nekane hauteskunde zerrendatan aurkezten direla jakin zuten, baina zerrenda ezberdinetan. Azken bikotea Eneritz eta Xenpelar izan ziren.

Zortziko txikian Mini eta Loidisaletxe hasi ziren. Mini Loidisaletxerengana joan da, bere baserrian marihuana landatu nahi duela eta. Gero Xenpelarrek eta Nekanek jakin zuten langabezian daudela. Halere, Xenpelar larritzen zen bitartean, Nekanek nahiko lasai hartu zuen albistea. Beñat eta Eneritz maitemindu eta hasi berriak dira. Horrela elkarren berri jakin dute. Beñat depilatu egiten da, eta Eneritz ez.

Hamarreko txikian Xenpelar eta Loidisaletxe baserritarrak izan ziren. Karretera berria egiteko beraien baserriak botatzekoak dira, Loidisaletxek pena handia du. Xenpelarrek batere ez. Gero Nekane amona eta Beñat mutil gaztea elkartu ziren. Mini eta Eneritz, berriz, tatuaje etxe bateko egongelan elkartu dira. Bikote ziren garaian elkarren izenarekin egindako tatuajea kentzea da beraien asmoa.

Jende kopuru polita bildu zen Letean bertso desafioa ikustera.

Ariketen ordua etorri zen gero. Nekanek eta Xenpelarrek oinak emanda osatu zuten bertso bana. Minik eta Eneritzek bukaera emanda beraiena, eta Loidisaletxek eta Beñat hitza emanda. Loidisaletxek “Azpeitia” izan zuen hitza, eta Beñatek “Errezil”.

Ondoren Nekanek eta Xenpelarrek elkarri oinak emanez osatu zituzten bertsoak, Minik eta Eneritzek koplatan, eta Loidisaletxek eta Beñatek puntura amaitu zuten zati hau. Horrela bukatu zen puntuatutako saioa.

Bota bertsoako sari banaketa eta epaia

Botoak jaso bitartean errotondari buruzko bertso jarrien sari banaketa burutu zen. Irabazlea German Zelaia izan zen, eta saria jaso eta bertso sarituak kantatu zituen.

Epaia etorri zen ondoren. Irabazleak, errezildarrak. Saria, talasoterapian zirkuitu bat eta bazkaria edo afaria izan zen. Azpeitiarrentzat, bigarren saria, talasoterapian zirkuitu bat eta bazkaria edo afaria. Horrela, denak gustura. Eta Loidisaletxe bainujantzian ikusteko irrika.

Ez dakigu errebantxarako eguna jarri duten, baina izango dela ziurtzat jo dezakegu, agian talasoterapian bertan.

Bideoan

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide