Aurtengo bertsoaldiaren baitan antolatutako Bota Bertsoa lehiaketan, German Zelaiaren 3 bertsoentzat izan da lehen saria, epaileek ahobatez halaxe erabakita.
Bigarren tokirako, ordea, zalantzak izan eta, azkenean, bi sorten artean banatzeko erabakia hartu zuten. Manuel Agirretxe eta Txillerramendiko Bentatxoren sorten artean, hain zuzen.
Letean jokatutako bertso desafioaren barruan eman zen sarien berri eta, sarituek, euren bertso sariatuak abestu zituzten (Bentatxok ez zuen bertaratzerik izan eta haren bertsoak Loidisaletxek abestu zituen eta German Zelaiaren bertsoak desafioko bideoan daude entzungai). Lehen saria, Letean bertan bi laguntzentzako afaria. Bigarren saria, 2009ko txapelketa nagusiko liburua eta DVDa izan ziren.
Guztira, 19 bertso sorta bildu dira Bota Bertsoa lehiaketan. Bada zerbait. Helburua, jendeak bertso batzuk idatzi eta horren inguruan buruari buelta batzuk ematea denez, neurri batean behintzat lortu delakoan gaude. Ez da erraza, gaur egun, bertso idatzien arloan parte-hartze haundia lortzea eta, gerora ere, bide bat edo beste landu eta probatu beharko dira, seguraski.
Bertso sarituak
1. saria, German Zelaia
1.
Aurrera atera zuten
zeukaten proiektu mota,
puntu batzuk aldatzeko
nahiz egin genun borroka,
alferrikan joan ginen
alkateai ate joka,
aurkeztutako puntuak
denak pikutara bota,
tinko mantentzen zuen hark
agintearen erronka,
egin-egin beharra zegon
ez geunden rotondan kontra,
eman behar banuke gaur
egindako obran nota,
interesen garaipena
arrazoiaren porrota.
2.
Rotonda honek baditu
esames batzuk piztuak,
balantzan jarriak daude
txaloak eta txistuak,
bi atzerritar lanean
beraientzat arriskuak,
sei gorbatadun begira
hoiek bai tipo listuak,
aurrekontu bat bazegon
bikoiztu dira gastuak,
gorbatak izango ziren
oraingo inprebistuak,
politika ta eraikuntza
biak dauzkagu nahastuak,
lurrarekin gutxiena
zikintzen dira eskuak.
3.
Alde ona bilatzea
behar bada komeni da,
nahiz zabal zabalik egon
nahi ta ezinan herida,
rotonda honetan ere
beste rotonden harira,
gurpil-hots eta tronpoak
laster iritsiko dira,
Zabaletxeko muinotik
zer nolako ikusmira,
honek hartu bailezake
rally sprintan distira,
inork minik hartu gabe
talkak egongo balira,
tailer hutsak betetzeko
balioko du sikira.
2. saria, Manuel Agirretxe
1.
Rotonda izan behar du
zerbait borobila
hau asmatu zuena
gizaki abila
borobil dena ordea
ez da marabila
behar bezela jartzen
ez bada kabila
ez degu bueltaka
jarriko kurpila.
2.
Ilusioa sobran
izanik soinean
askotan jarri gera
gurdian gainean
bidea zaila izango
dela jakinean
amets bakar bat degu
guk azken finean
bueltaka ez ibiltzea
leku berdinean.
3.
Nahiz ta ingurua egon
rotondaz betea
argi dezagun nora
nahi degun joatea
herri burujabe bat
nahi bada izatea
alperrik da Madrila
begira egotea
hobe rotonda utzi ta
bidea egitea.
2. saria: Txillerramendiko Bentatxo
1.
Zitroen atze alde horretan
bat berri-berria, hara!
Hori ikusi eta barruan
sortzen zait neri ikara
ideia batek hargatik jo du
nere buruko aldaba
baratz ederra egin liteke
hainbeste simaurrik bada
herriarentzat izan dezagun
nahikoa arto ta baba.
2.
Rotonda dela eta ez dela
baserritarra lur-jota
mandatariek eman dutenez
espropiatutzen nota
zedozer esan beharra daukat
lepuan dedanez soka
Koliseua egingo degu
ez bazaizue inporta
eta alkate-zinegotziei
lehoi gosetuak bota.
3.
Topografua agertu-eta
deskalabrua guretzat
natura eta baserritarra
ez dituzte hartzen aintzat
azken aldian horrelakuak
gertatu zaizkigu behintzat
ta herritarrak isil-isilik
denak berdin du zuentzat
biribilgune gehiegi dago
herri kuadratuarentzat.