Iritsi dira udaberriko bertsoak Azkoitira

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz 2011ko mai. 17a, 17:05

Ostiralean ospatu zen Erniarraitzek antolaturiko urteroko "Udaberriko bertso-saioa" deituriko aurtengo edizioa Azkoitin. Elkargunean buruturiko lehen bertso-saioa izan zen atzokoa eta errepikatzeko moduko ahozaporea utzi zieten sei bertsolariek gerturatu ziren ikus-entzuleei.

Andoni Egaña, Onintza Enbeita, Sebastian Lizaso, Aitor Mendiluze, Jokin Sudupe "Pio" eta Jokin Urangaren ordez abestu zuen Haritz Etxeberria "Ministro" bertsolariek osaturiko seikoteak alaitu zuten atzo Azkoitiko Elkargunea. Idoia Alberdi aurkezlearen aginduetara aritu ziren kantuan eta batzuk zein besteak, ale politak uzteko gai izan ziren.

Jokin Sudupe "Pio" herritarrak, bere sendiaren eta zaletasunen inguruan abestu eta handi samarrak entzun beharra ere izan zuen. Onintza Enbeitari laister piztuko zaio amatasun sena, atzo hiruzpalau aldiz entzun behar izan baitzuen sei edo zazpi haurren ama izango dela. Andoni Egañari orain gutxi beatifikatu den Juan Pablo II aitasantu ohia izatea egokitu zitzaion eta Sebastian Lizaso gaixoak beragana sendatzera jo bazuen ere, ez zuen fruitu oneko emaitzarik lortu.

Aitor Mendiluzek, eskola arautuaren baitako bertso-irakasle den paperetik, eskolaz kanpoko irakaslea den Ministroren zalantzei soluzioak bilatu behar izan zizkien. Ministrok egindako galdera guztiak errealitatean oinarritzen badira, ez luke lan erraza izango Mendiluzek berak ere, azpeitiarraren ikasleak domatzen!

Saio ederrenetarikoa, seietako bakoitzari Azkoitiaren inguruko galderak erantzutea egokitu zitzaionekoa izan zen. Seitik pare batek baino ez zuten asmatu behar bezala erantzuten eta ikus-entzuleek algara ederrak bota zituzten hainbat izenek bertsolariei sortzen zieten nahastea ikusita.

Halaxe joan zen aurtengo "Udaberriko Bertsosaioa" Azkoitiko elkargunean, jende kopuru txukunarekin eta giro politarekin osatuta. Ea bada datorren edizioek ere bide beretik jarraitzen duten. Bideoa duzue zati politekin ikusgai eta gozatu!!!

Bideoa

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide