Doinua: "Habanera.
1.
Kantauri bazter honetan
antzina, oso aspaldi
mendi ta zuhaitz artean
harizti eta pagadi,
herri bat sortu ziguten
auskalo zenbat gizaldi
gureganaino heldua
belaunaldiz belaunaldi.
Espainia ta Frantziak
zapaltzaile bezain adi
loredi behar zuena
bihurtuaz arantzadi
isurrarazi digute
hainbat malko ta izardi...
herri txiki izatea
beti da arazo handi.
2.
Francok herentzi gisara
utzi zuen monarkia
faxistek beren babesa
izateko non aurkia.
Horrela eskertu zuen
bere morroi on aurkia
eta hauek baliatu
aitonaren aterkia,
bitartean itxi gabe
herriaren lubakia
aldez aurretikan ongi
pentsatu ta ebakia
beraz grazia ez dute
zeruetatik jaulkia:
batzuentzat debekua
besteentzako aulkia.
3.
Batzuentzat Patxi deun harek
joan aurretik zerura,
agur ere egin zuen
ohitura zuen modura:
lotua ongi lotua
esaldi famatu hura...
demokrazi makatz honi
txertatuaz diktadura.
Haueri mezua sartu
zitzaien barru-barrura:
bortizkeria guztiak
bihurtzeraino ohitura.
Saldu nahi diguten arren
demokratiko itxura...
oraindik ez da askatu
ezarri zuen lotura.
4.
Iraupen luzea dute
diktaduraren ahalmenak:
berekin dakarzkiela
eskubideen galmenak...
Nahiz eta ondorioak
diren nahiko nabarmenak,
harro mintzatzen zaizkigu
aginpidean daudenak:
oihukatuaz gu gara
demokratarik onenak!
gure eskutikan datoz
etortzen diren on denak...
Besteei eskatu arren
damuak eta kondenak
Fragak noiz gaitzetsi ditu
egin zituen krimenak?
5.
Euskal Herri bedeinkatu,
polita bezain txukuna,
asabengandikan jaso
dugun herentzi kuttuna...
Bakoitzaren bihotzean
sinatutako ituna
izan dadila biharko
euskaldunentzat gutuna.
Egunsentiaren gose
beti da arrats iluna
guk ere amesten dugu
helduko dela eguna:
askatasun eguzkiak
argi egingo diguna...
Bortizkeria gabeko
Euskal Herri euskalduna.