Halako halakorekin omen dabil...

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Elduaien 2005ko ira. 29a, 16:09

Nere lankide baten bikotea azpeitiarra da. Ez dira Azpeitian bizi, baina sarri etortzen dira hona, eta hemengo jendea ezagutzen du. Eta lehengoan bazkaltzen ari ginela zera esan zidan: “pasada bat da Azpeitian nolako kotillak zareten”.

Harrituta geratu nintzen. “Jesus, ez dakit e, baina ez nuke esango beste edozein tokitakoak baino kotillagoak garenik”. Berak baietz, Azpeitiko soziedadean afariak egiten dituzten aldiro izaten omen dute nobedaderen bat; halako halakorekin omen dabilela, eta halakok han etxea erosi omen duela eta… “Bai, bueno, baliteke. Neuri ere gustatzen zait gauzak jakitea, ez dut ukatuko, baina beno, eztakit ba, beste tokietan baino gehiago?…”. Eta mahaiaren bueltan zeudenak horren zergatiak aztertzen hasi ziren: “Igoal denak elkar ezagutzen dutelako izango da”, esan zuen donostiar batek. “Inbidia asko egongo delako” beste batek, eta ni, hori hala ote den edo ez zalantzan. Jesus, azpeitiarrak hainbeste gauza geala esatebe kanpuen ta izen e eiñgo gea, baño, kotilleuen danak e ez ote gea antzekuek…

Eta handik pare bat egunetara Eroskiko kajerak harritu ninduen. Ordaintzeko zain, nire aurretik emakume bat, eta atzetik beste neska bat. Kajera nire aurreko andrearekin ari zen nik belarria piztu nuenerako: “bai bai, aspalditik omen zebiltzen batea”. Ta besteak “ah, ba nik etzakinat ezer, baten bat billau omen dula baño…”. Ta kutxakoak “ez al den ezerre geyo jakin?”. Ta besteak ezetz, eta presaka zebilela eta aio. Nire txanda iritsi zen orduan eta niri “zuk ez al dakizu ezer? Eske ez takit egiye eo gezurre dan?”. Eta nik zertaz ari zen arrastorik ez. “Ez ba, nik ointxe aitu dizuet eta nidea”. “Ba zure amak jakingou ba…”. “Ba nei ez dit ezer kontau e”. Eta erosketak hartu eta kotxera. Igual arrazoi izango du nire lankideak…

Hurrengo bazkaritan onartu egin nion lankideari. “Baliteke arrazoi izatea”, eta Eroskin gertatutakoa kontatu nion. Eta berak: “Bai? Ta zeinekin dabil ba hori? Ezagutzen dut?”. Ñooo… azpeitiarrak kuxkuxeroak orduan… Honi ere kontagiatu egingo zitzaion. Bai ba, bikotearengandik. Baina aitortu beharra daukat. Erantzun egin nion. Eta horrelakoetan sentitzen den zirrara horrekin gozatu egin nuen. Eroskin kontu hura entzun nuenetik ez nuen nor eta norekin zebilen jakin arteko onik izan. Eta bai, aitortu beharra daukat, kotilleoren bat jakin edo kontatzen dudanean adrenalina moduko bat sentitzen dut. Lastima normalean enteratzen azkena izaten naizela. Ez dago norbaitena joan, “enterau al haiz” esan, zure deskubrimendua kontatu eta “jessusss neska, hori aspaldikue den!” entzutea bezalako gauza frustranterik.

Eta, zer esango dizuet ba, ez naiz batere lotsatzen. Nire lantokiko kajoian gordeta daukadan papel batek babes osoa ematen dit. GARA egunkariak irailaren 1ean publikatutako artikulu bat da. Gazteleraz dago, zoritxarrez, baina zera dio: kotilleoak kontatu eta txutxu-mutxuan ibiltzea ona dela pertsonarentzat. Batu egiten gaituela, gizartean integratu. Benetakoa da eh, ez dut nik asmatu. New York-eko unibertsitateko adituek esan dute, ikerketa sakon bat egin ostean. Eta nola egingo diet ba nik haiei kontra? Zein erraz garbitzen dugun geure burua...

P.d.: Saiatu naiz aipatutako artikulu horretara lotura egiten. Baina GARAko hemerotekan kontu horiek ez dituztela gordetzen esan didate, bertako arduradunek. Baina existitzen duela zin dagizuet. Bestela, nahi duenari pasatuko diot, faxez edo...

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide