Ez dago atzerrian azpeitiar izatea baino gauza nekezagorik. Atzerri hori Zestoa bada ez behintzat. Eta futbol zelai kontuak aipatzen badituzu are gutxiago.
Atzo bertan, Zestoako Laranjadi plazatik pasatu eta kartel bat: Ez utzi golik sartzen. Edo horrelako zerbait. Gerturatu eta, hara, Bagoaz herri plataformaren idatzi bat. Ez dutela onartzen Iraetan egin nahi den kirol gunearen gastu guztiak Udalaren gain uztea. Diputazioak Zestoako Udalari diru laguntzarik ez ematea onartezina dela, batik bat, jakinda Gipuzkoako gainerako herri askori diru ugari eman dietela. Eta adibide gisa Azpeitiko futbol zelaia. 65 milioi pezeta eman omen dizkio Foru Aldundiak Azpeitiko Udalari.
Buenoo, itzuli da gerrie, pentsatu dut nire artean. Eta duela hilabete ingurutik (Azpeitiko futbol zelai berria martxan denetik) zestoarrengandik entzundakoak etorri zaizkit burura. Nik, hara joan eta zera esan nuen: joe, azkar asko eiñ debe kanpofuola Azpeitin, ikusgarriye gañea. Eta bueno, esan banuen esan nuen. Hori gure diruakin eindako kanpofuola da, batek. Bai, zestuarran diruekin. Eta ni aho zabalik. Ze esaten ai zeate?. Eta baietz, Iraetan futbol zelaia egiteko lanak geldituta daudela bukatzeko dirurik ez dagoelako. Zestoarrek zergak igual-igual ordaintzen dituztela baina gero diru hori Azpeitira joten dela, Azpeitian dagoeneko badagoela nahikoa futbol-zelai eta Zestoan bakarra dutela eta halakoxea
Horiek entzun eta niri azpeitiar harrotasuna piztu. Azpeitiarrok ez dugula errurik Zestoako Udalak diru gestioak ondo egiten ez baditu, guk ez dugula horrek kulparik
Neure buruak harritu ninduen, eta neure buruari esan nion.Esti, ze ai haiz, kanpofuola defenditzen? Heuk esan ez hunan ba aurrekuen lotsagarriye dala gauza batzutako ze azkar gastatzeun dirue Udalak, kanpofuolan partez polideportiboko dutxak konpontzie hobe zebela ta beste hainbat kontu?. Baina, noski, zestuarren aurrean nola onartu hori?
Ba hori. Jakin dezazuela zestuarrek zer pentsatzen duten. Honetaz lasai idazteko esan didate. Defendituko omen dute euren jarrera. Ni, badaezpada, isildu egingo naiz. Atzerrian azpeitiar bainaiz.
P.d.: Axkoitiarrak ere ez omen daude oso gustura Azpeitiko futbol zelaiarekin. Hala dirudi behintzat www.uztarria.com/albistiek/1128510061 irakurrita.