Hispanitatea, Guardiaz Zibila eta Elosuko feria

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Elduaien 2005ko urr. 11a, 18:10

Urriak 12. Hispanitatearen eta Guardia Zibilaren eguna omen. Euskal Herritarrok ez ei dugu ezer ospatzeko, eta lan egun normal gisa lan egiteko eta eskolara joateko deia egin dute hainbat erakundek.

Gure garaian ere protesta egindakoak gara. Gogoratzen naiz batxilergoan genbiltzala urriaren 12an manifestazioak nola egiten genituen. Klasera ez ginen joaten, orduko Karmelo Etxegarai ikastolako zuzendaritzak baimenik ematen ez zuelako agian. Edo beste gisa bateko ekimenak antolatzen zirelako, ziurrenik. Baina bai, protesta egiten genuen: goizean manifestazioa egiten genuen Azpeitiko kaleetan, ordubete inguruan edo. Eta gero jai!

Eta ni gustura. Aitortu beharra daukat. Izan ere, niretzat urriaren 12 hispanitate eta guardia zibilaren eguna baino, Pilarika eguna izan da beti. Elosuko peri handiaren eguna. Aita bertakoa izaki, ume-umetatik joan izan naiz peri egun handi horretara. Eta batxilergoan hasi nintzen arte, urteko festa egun politenetarikoa izaten zen niretzat. Hango ganadua, hango arropa postuak, hango taloak, trikiti doinuak… Hispanitatearekin zerikusi gutxi, eta Guardia Zibilarekin gutxiago, gonbidatu gabe ezkutuan joaten ez badira behintzat.

Iaz ez nuen joaterik izan. Baina aurten bai. Izan ere, Berria egunkariaren izaera halakoa izanda ere, urteko egutegian oraindik ere urriaren 12a jai egun moduan ageri baita. Eskatu dugu langileok hori aldatzea. Nik neuk ere bai. Eta aztertuko duela esan du zuzendaritzak.

Baina bitartean, eta aurten jai tokatzen zaidanez, Elosuko perian izango naiz. Ganadua, arropa postuak, txaloak eta trikiti doinuak gozatuko ditut. Bertako Ixaun jatetxean lan egitea ere tokatuko zait. Baina gustura ibiliko naiz. Eta seguru, oso seguru, ez naiz hispanitateaz ez guardia zibilaz akordatu ere egingo…

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide