"Ni neu"

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Elduaien 2005ko aza. 25a, 23:11

Nire azken blogean jasotako erantzunak ikusita haserre, kezkatuta eta minduta pasatu ditut egun batzuk. Eta hala nenbilela, xabierdarren azken idatzia irakurri eta, hara, telepatia!

 

"Nire hurrengo blogerako prentsatuta nuen gaia harrapatu didate", pentsatu nuen. Baina nik buruan nuen baino askoz modu txukunago eta egokiagoan idatzi dutela ikusi dut. Diplomatikoago. Eskerrak, nik gai honen inguruan duela pare bat egun idatzi izan banu dezente beroagoa izan baitzen testua. Euren blogean erantzutea pentsatu dut hasieran, baina barruan dudana kontatzeko idatzi eta idatzi hasi naiz, azkenean dezenteko txapa atarea zaidala konturatu, eta beno, euren tokia baino neurea erabiltzea txukunagoa izango dela pentsatu dut.

 

Badakizue zertaz ari zaizen ez? Seudonimoaz, ezizenaz, gezurrezko izenaz, anonimoaz... blogetan eta uztarraia.com-en gehienek erabiltzen duten formulaz. Ez zait gaizki iruditzen. Niri horiek guztiak erabiltzeak ez dit inporta, baldin eta erabiltzen dituenak errespetuz eta irainik gabe erabiltzen baditu. Baina hemen nire blogetako testuak irakurri dituenak badaki horietako batzuk seudonimoa nirekin sartzeko erabili dutela. Hasieran nire paranoia bat izango zela pentsatu nuen, baina azkenean jendea ere konturatu da eta gaitzerdi.

 

Ez naiz hemen biktimarena egiten hasiko, ezta gutxiago ere. Badakit sarritan neure blogerako aukeratzen ditudan gaiak "polemikoak" direla, eztabaida eragiteko modukoak. Eta hori nahi dut gainera, eztabaida sortzea, gure herrian jendeak zer pentsatzen duen jakiteko eta ezagutzeko, azken finean eztabaidak aberasgarriak iruditzen zaizkidalako. Nire inguruan ere ez dugu denok berdin pentsatzen. Eta eskerrak! Jesusss... zenbat diskusio izan ote ditugu etxean, lagun artean, lanean.. Batek hau eta besteak hori, eta batak besteak baino egoskorrago eutsi bereari. Uffaaa... baina denetarik hitz egiten dugu, bakoitzak bere iritzia bota, eta gero nahi duenarekin geratzen da norbera.

 

Baina elkarren aurrean diskutitzen dugu, noski. Bakoitzak bereari harro eutsiz, inongo lotsarik gabe. Eta ez dakit ba, hemen anonimoak gezurrak edo bestelako insinuasio gaiztoak egiteko erabiltzen direla ikusten dudanean atzean ausardia falta dagoela iruditzen zait. Nire etxean DV sartzen dela esan zuen horri, adibidez, gustura esango nioke ea noiz eta nola ikusi duen, argi baino argiago baitaukat hori gezurra dela. Kalean batera eta bestera begira ibili naiz: "Hau izengo ote den? Keba keba"... "Uii... horrek raro beitzeizen"... "Ufaa ez ez, Esti, enparanoiatzen ai zea". Berak jakingo du zertarako egin duen, baina niri behintzat mina eta amorrua eragin dizkit. Aurreko beste hainbat kasutan gertatu den moduan.

 

Baina, horrelakoetan egiten dudan moduan, amak umetan kazetari izan nahi nuela esan nionean esan zidana gogoratu dut: "Esti, lan hori oso kritikaue izen den beti eh?" 14 urte izango nituen. "Ba ez dit inporta" esan nion. Eta orain ere hala pentsatu arazi diot nire buruari. Nik pentsatzen dudana esateko lotsarik ez dut, neure izen, abizen eta argazki eta guzti. Izena ezkutatzen duen berak jakingo du zergatik egiten duen.

 

Ba hori, hurrengoan eguraldiaz hitz egingo dudala agian. Polemikarik ez sortze aldera edo. "Asteburuan elurra egin du..." adibidez. Eta, hala... hor hasiko dira "ni neu" delako batzuk: "Elurre? Hik botatzeitun txorradak. Elurre ezten hori, nere ustez txingorra den, baño pixket zabaldute". Beste batek berriz: "Hi han eon al hitzenan ba zuzen-zuzenien ikusteko? Pello Zabalak esandakuekin baieztapen geyegi eiten ditunela usteñat"... Eta beste batek, "Ni seguru natxion hire etxien eztula elurrik iñ. Han euzkiye. Ez hik emanda, noski, baño euzkiye".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide