Azpeitiko 'Riomundo'

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Elduaien 2005ko abe. 9a, 20:12

“Enmigrante kontzeptua matizatu nahi izan dut, maketo, mantxurriano, hezurbeltz eta antzekoak arinkeriaz erabili izan direlako urte askoan”. Jon Maiak bertsolari eta idazleak esandakoa, Riomundo bere liburuaren aurkezpenean. Bere familiaren historian oinarritu ei da eleberria idazteko, Extremaduratik Euskal Herrira bizitzera etorri zen familia baten historian.

 

Eta Maiaren hitzak Hitza -n irakurtzen ari nintzela nire ume garaiz akordatu naiz. Xanjuandegiko naiz ni, Extremaduratik etorritako hainbat eta hainbat familia jaso zituen auzokoa. Eta zoritxarrez, nire ume garaian behintzat, mantxurriano eta hezurbeltz hitzak sarritan entzun eta esan dituen gunekoa. Maketo ez, maketo ez dut entzun inoiz Azpeitian, baina bestelako bi hitz horiek bai, eta baita belarrimotz ere.

 

Akordatzen naiz askotan ikastolatik bueltan nolako eztabaidak izaten genituen. Kaletarrak xanjuandegikoen kontra. “Zuek barriyue txarrikei bat dek, han mantxurrianuek bakarrik bizi die”. Eta gu haserre : “Gezurre, euskaldun mordue bizi gea han. Ta gañea dana dakeu Xanjuandein, pixtinie, ta Eroski, ta danak eskure!”. Hori izaten zen gure argumentua. Enmigrante izatea txarra  zela ez genuen zalantzan jartzen. Haiek gure auzoa kritikatzeko erabiltzen zuten, eta guk defendatzeko bestelako kontuak goraipatu, kanpotik etorritako haiek ezkutatu nahian bezala edo.

 

Umeen kontuak, bai, baina etxean entzundakoak. Eta onartzea gogorra egiten bada ere, gure herrian, orduan behintzat, Extremaduratik etorritakoei mesprezu galanta. Eta ez umeek bakarrik, baserri girora joanda ere antzerakoak entzundakoa naiz. Halakok bikotea aurkitu duela eta hara, Extremaduratik etorritako familia horietakoren batekoa. “Ene, belarrimotzak ez ekarri honea e, hoyek azeitunak jan bakarrik eiteiabe!”

 

Arrazismo hitza potoloa da oso, baina nik uste dut azpeitiarrok arrazistak izan garela garai batean Extremaduratik etorritakoekin. Zorionez Jon Maiaren hitzak irakurri arte ez nuen urtetan mantxurriano, hezurbeltz edo, hezurbeltzik entzun, eta hori seinale ona da. Extremaduratik etorritako familia horiek azpeitiar kontsideratzen ditugun seinale. Xanjuandegin behintzat denak denekin ikusten ditut nik, helduak, gazteak eta umeak, eta arazorik gabe.

 

Baina ordutik kanpotar gehiago ere etorri da, eta etorriko dira. Portugesak izan ziren ondoren, Marokokoak gero, Indu ugari ikusten da orain… Eta ez dakit ba, hauei ere ez ote diegun errezelo begiekin begiratzen. Alegia, haiekin ere ez ote garen arrazistak. Mantxurriano edo bestelako hitz despektiborik ez dut nik entzun, baina ohitura desberdinen inguruko komentario “ezegokiren” batzuk bai.

 

Batzuk nahita eta konbikzioz dira arrazista, baina izan nahi ez dugun asko ere, nahi gabe hala garela iruditzen zait. Neuere adibide bat jarriko dut, bestela. Matraka-n duela pare bat aste kaleratutako erreportai batekin gertatutakoa.  Bilboko auzo bateko diskoteka batean hilketa bat izan zela eta gazteak gaua eta biolentziaren inguruko erreportai bat egin zuen kazetari batek. Irakurri nuen eta arrazista xamarra zela iruditu zitzaidan. Bertan hitz egiten zuten gazteek etorkinei botatzen zietelako biolentziaren erantzunkizuna. Kazetariari deitu nion eta nire kezka agertu, baina “hori da jendeak uste duena”, esan zidan berak. Eta nik onartu, zuzendari ordeari baimena eskatu, eta publikatu. Kritikak etorri ziren gero. Normala. Jende batek horrela pentsatu arren komunikabide batek bestelako ideak hedatzeko lana egin behar duela. Arrazoi osoa dute. Baina kazetariok bakarrik ez, guztiok egin beharko genuke ahalegina. Horrela pentsatzen dutenak ahalik eta gutxien izateko lan egin behar dugula, alegia.

 

 

 

 

  

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide