Amorratua naiz hankaz gora erortzen. Ez dakit zergatik, baina tartean behin (azkenaldian oso sarri gainera) lurrera erori beharra sentitzen du nere gorputzak. Parrandan nabilela gertatzen zait askotan. Azkena, Hernanin, lanekoekin bazkaria eduki, eta bi aldiz erori nintzen, ziplo, lurrean etzanda geratu arte. Mozkorraren eragina, pentsatuko du askok. Baliteke. Baina hori baino gehiago ere bada. Korrika joan eta Txerloi parean neu bakar-bakarrik eroritakoa naiz ni, ez aldapa ez koxka dagoen tokian. Lantokian ere, eskaileretan gora belaunburuko ederrak hartzen ditut. Bai, eskaileretan gora, normalena beherakoan erotzea izan arren. Eta Azpeitiko obra batzuetan zulora ere erori nintzen behin.
Horregatik, egun hauetan "argi ibili hai" esaten diot neure buruari. Eta ingurukoek ere hala esaten didate, nire baldartasunaren jakitun. Ez da harritzekoa. Nik neuk behintzat ez baitut gogoratzen horrelako izotzik gure herrian. Kalera atera eta dena zuri, eta oina lurrean jarri eta "krask, krask ". Duela urte batzuk Argentinan pasatutako oporrak etorri zaizkit gogora. Ushuaian, bizian pasatutako hotz handienak pasatu nituen. Eta han ere, kalera atera eta dena zuri, eta "krask, krask". A ze osperakoak hartu nituen han ere. Oina lurrean jartzearekin bat Txuri-Urdinen bezala: "adios, adios, banitxin lurrea". Kalean nindoala turisten autobus handi bat pasatu eta ni haren aurrean gurutzatzen hasi eta etzanda gelditu nintzenekoa ere ederki gogoratzen dut oraindik. Parre earrak egin zituzten, bai, eta baita neuk ere, nahiz eta ipur gaineko epela hartu. Horrelakoetan parregura latza sartzen baitzait niri. Nahiz eta neuk hartu handienak, eta ubeldu galanta ateratzeko moduko letxea jaso, parre eta parre. Han ere askotan hoteleko leihotik begira egoten ginen, ea nor eroriko, eta ea nori parre egingo.
Eta gaur kalera atera naizenean ere horixe pentsatu dut, Olakor aurretik pasatu eta hankak txirrist egin didanean. Halako hotza egin ez balu, zulo batetik jendeak hartzen dituen osperakoak ikusteko moduko eguna dela pentsatu eta parrez jardun dut neure kasaka. Baina gero bestelako buelta bat ere eman dit buruak. "Bai, hik parre eiten, baina hemen edadetun bat pasau eta eroiz geo, dexenteko aberiye eiteko arrixkue galanta". Etxera iritsi eta amak esan dit atzo ere halako eta halako erori omen zirela entzun duela. Peligroso daudela gure kaleak, alegia.
Horrelakoetan gatza bota beharko luketela ere esan dit amak. Eta egia da. Pentsatzen dut Udalaren lana izango dela hori. Ez dakit. Baina egin beharko luke, norbait erortzen ikusteak parregurea eman arren arriskutsua izan daitekelako. Gainera, prebisioen arabera, ez da egun biko kontua izango. Oraindik ere izotz handia egingo duela esaten ari dira behin eta berriz, eta egunotan kalean jende asko ibiltzen dela kontuan hartuta
Olentzero berak ere argi ibili beharko du. Gabaz, ilunpean, eta izotz honekin lepagaineko ederra hartzeko arriskua du hark ere. Gainera, zurrutero fama ere badu eta... Aurten, ikatza ez, gatza.