'Funtzioa', ETB1eko programa, duela urte mordo bat. Lehiaketaren ordua iritsi zen, eta aurkezleak (Txirri pailazoa) azpeitiar bat aukeratu zuen publikotik:
-Animalia hauetatik zeinek egiten du hegan? Txantxangorriak, txangurroak, ala txingurriak? (azken hau ez dakit seguru hala al zen baina beno)
- Txangurroak
Eta halaaaaaa... axkoitiar denak azpeitiarren kontura parrez. Ondorioz, txangurro hegalariak izan ginen azpeitiarrok urteetan. Guri udalekuetan txangurroak deitzen ziguten. Eta oraindik ere hala gara. Zenbat burla eta trufa jasan ote ditugun horren kontura...
Ba iritsi da mendekua hartzeko garaia. Atzo gertatu zen, 'Mihiluze' ETB1eko programan. Lehiakideak: azkoitiarrak. Euretako bat mimika bidez pertsonaia bat azaldu nahian. Pello Zabala zen pertsonaia, frailea eta eguraldi gizona. Eliz gizonen keinua eta euriaren itxura egiten zituen behin eta berriz mimika egiten ari zenak, eta hona besteen erantzunak:
- Abadie?
- Abioie?
- Rajoi?
- Habemus papam?
eta halako batean...
- MONTSERRAT SETIEN?
Hasieran ez nuen ulertu. "Zer esan du, Montserrat Setien? Zein da ba hori?" . Eta nire ondokoek, "kar, kar, bai, hala esan du!". Eta ni Montserrat Caballe eta Setienen artean ze harreman ote zegoen asmatu nahian. "Ostia, kar, kar, MONSEÑOR Setien esan nahiko zun!"
Ba hori. Axkoitin elizgizon berria asmatu dutela. MONTSERRAT SETIEN! Lastima dagoeneko obispo kargua utzita duela. Bestela hurrena Loiolara etorritakoan 'helados frescos' batzuk hartzera gonbidatuko nuke.