Larunbateko pasiera eta pausoak

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Elduaien 2006ko api. 5a, 15:04

Gurean bada ibilirako afizioa. Txerloirako bidea edo Lasaorako bidea ikusita hala dirudi behintzat. Goizean, bazkal ondoan eta iluntzean, jendea erruz ibiltzen da pasieran. Batzuk joanean, besteak etorrian. Batzuk taldean, besteak banaka. Batzuk azkar, besteak motelago. Batzuk adinean gorakoak, eta besteak gazteagoak. Ona omen da ibiltzea, artikulazioentzat, zirkulazioarentzat, eta buruarentzat ere bai, lasaitzeko.

Gehiago esango dizuet. Kontzientziarentzako (dauketenentzat behintzat), elkartasunarentzako, giza eskubideentzako eta gure herriarentzako ere ona da ibiltzea. Eta norbaitek exageratzen ari naizela pentsatuko du. Baina ez. Pausoz pauso pasiera ibiltzeak garrantzi handia du egunotan. Baita Azpeititik Txerloirako bidean ere. Edo eta Lasaotik Azpeitirakoan ere.

Larunbatean bai behintzat. Orduan pasieran ibiltzeko asmoz direnek jakin dezate euren pausoek gure herriaren egoera hobetzeko ere balioko dutela. Konponbidean laguntzeko balioko dutela. Pausoz pauso ekimena egingo da, Zarauztik Azkoitira, presoen eskubideen alde. Euskal preso politikoak Euskal Herrira ekartzearen alde. Eta ez dago aitzakiarik. “Garai berriak, esperantza, guztiok egin behar dugu zerbait…” guztien ahotan entzun dugu. Guztien ahotan.

Beraz, badakizue. Larunbat arratsaldean Txerloira pasieran joatekoak zaretenak, edo Lasaotik buelta egitekotan zabiltzatenak, animatu. Hankak espaloian jarri beharrean apur bat mugitu eta errepidean eman pausoa. 17.30ean iritsiko da Azpeitira. Ordua ere ona, afaldu aurretik gose pixkat egiteko ere. Beno, eta pasieratxoen partez ibilaldi luzeak nahiago dituztenek ere izango dute aukera: goizeko 10:00etan Zarautzen da hitzordua (autobusa egongo da Azpeititik). Bazkaldu Zestoan, eta 14.30ean abiatuko da arratsaldekoa.

Norberak neurria hartzeko modukoa da. Nahi edo ahal duen moduan egitekoa. Pauso bat, bi, edo 2.000. Denek balio dute. Eta denonak badira askoz hobe.

P.d.: Kontu praktiko bat. Gurean Pausoz pauso dela eta eztabaidan ari gara (nola ez!). Horrelako ibilaldi baterako, errepidean ibiltzeko, zer dira hobeak, botak ala zapatillak? Esperto asko zaudete hor eta norbaitek lagunduko?

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide