Ives Matxikoteri behin hitzok irakurri nizkion: "Zure lanbideak ezin du markatu zeure buruaren definizioa, eta gaur egungo jendartean hori gero eta gehiago gertatzen dela iruditzen zait. Ni naizena naiz, izen-abizenekin, pertsona bat naiz, eta ez dut bertzelako eranskinik behar". Alegia, pertsona bakoitzari medailak jartzeko mania daukagula. Halako irakaslea da, halako kazetaria, halako pilotaria, eta halako abokatua.
Matxikoterekin oroitu naiz egunotan. Izan ere, bestelako "medaila" bat dela eta ez dela entzundakoek grazia eragin didate. Xalari irabazi eta bazter guztietan agertu da berriro ere Kepa Peñagarikano pilotaria. Nik behintzat askotan ikusi eta entzun dut. Baina medaila desberdina jarri diote toki askotan: Azpeitiko pilotaria, Beizamakoa eta Andoaingoa ere ba omen da. Eta hori gutxi balitz bezala, Zestoan zestuartzat dute, bertan entrenatzen duelako! Buenoooo, eta diskusioak ere entzun ditut eh, Andoainen jaio eta Azpeitira umetan etorritakoa, bere amak Azpeitiko dela esaten omen duela eta beste ez dakit zenbat kontu.
Orain berriro irabazten hasi denean denok geuretzat nahi dugula Kepa Peñagarikano. Kaskarrago zebilenean inor gutxi gogoratu arren. Hoixe gertatzen da. Bera bera izan arren, izen abizenekin, eta eranskinik gabe.
Izan dadila bakoitza norberak nahi duen tokikoa. Inork inposatu gabe. Bai bai, badakite askok neuri ere ez zaidala gustatzen zestuarra naizela esatea. Ni, Azpeitikue. Eo Urrustilgue, eo Elusukue Bai ba, komeni zaten tokikue. Española ez eh