Diart arte estudioko ikasle eta irakasleek Boliviako umezurtz-etxe bat laguntzeko koadro bat zozkatuko dute. Txalotzekoa iruditu zait idea, poza eman dit oraindik ere gurean gisa honetako ekimenak egiten direla ikusita. Eta bestelako esaldi hau ere etorri zait gero burura: "denok eman behar dugu zerbait gutxi batzuk dena eman ez dezaten".
Alegia, Diartekoen ekimenaren gisakoak gehiagok egin behar genituzkela. Hori sinestuta esnatu naiz gaur, eta hori nola egin pentsatzera ere ausartu naiz. Eta, berehala, hor agertu da ideia bat nire buruan... Enkantea. Alegia, Diartek egin duen bezala, Azpeitian dauden gainerako elkarte, talde, pertsona edo bestelakoek zerbait ematea eta gero jendeak hori eskuratzeko aukera izatea. Ordainduaz, noski.
Zoratuta nagoela pentsatuko duzue batzuk. Neuk ere hala pentsatzen dut batzuetan. Baina EGUNKARIA itxi zutenean egin genuen bat, eta sekulako arrakasta izan zuen. Orduan Euskal Herriko kirolariek eman zituzten euren objetuak: futbolariek kamixetak, mendizaleek Everestera igotzeko erabilitako mendiko botak, segalarien segak, harri jasotzaileen harriak gauza mordoa batu ziren, eta diru dezente lortu ere bai.
Azpeitian ere egin beharko genukelakoan nago. Gure herriko talde, kirolari, eta jende ezagunek euren aportazioa egingo luketela uste dut. Eta gainerakook zerbait erosiko genukeela ere bai. Eta beno, norentzat edo noren alde egin, seguru-seguru aurkituko genukeela.
Zer, zoratuta nagoela uste al duzue? Amets gehiegi egiten dudala? Ez al luke funtzionatuko? Auskalo, agian arrazoia duzue, baina batzuetan horrelakoxe egunak izaten ditut, nahiz eta gero burutazioetatik ekintzetara pasatzea kostatu. Norbait animatzen bada