Bandak ere bai?

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Elduaien 2006ko mai. 12a, 18:05

Latin Kings vuelven. Pelikula baten izenburua izan daiteke. Edo telebistan azkenaldian ugaritzen ari diren albiste-erreportai edo dena delakoen izenburu bat. Baina ez, pintada bat da, eta Azkoiti sarreran ikusi nuen lehengoan. Ezkutuan dago, Txerloiko industriagunetik Azkoitira bidean dagoen bidegorriaren pareta batean, baina ederki ikusi nuen nik, horma zuriaren gainean.

 

Hasieran grazia egin zidan. Ondoan 18/98 epaiketarik ez, faxistak kanpora! zioen beste pintada bat zegoen, eta irudia benetan surrealista iruditu zitzaidan. Baten bat adarra jotzeko gogoarekin ibili zela pentsatu nuen. Eta seguruenez hala izango da. Baina gero zalantzak ere sortu zaizkit. Eta gurean ere egon baldin badaude banda delako horiek? Ez dakit, neuri sinesgaitza egiten zait, oso, pelikuleroa, baina auskalo, gaur egun eozer gauza.

 

Latin kings eta bestelako banden inguruan ez dakit asko. Dakidan apurra, Espainiako telebista kateetan ikusitakoa. Eta horietan esaten dutenaren erdia ere ez dut sinesten, Euskal Herriko kontuak nola kontatzen dituzten ikusita fiatzeko arrazoi gutxi ematen didatelako. Latinoamerikarrak omen dira, beti borroka bila ibiltzen direnak, eta “oso arriskutsuak”. Sinpleegia iruditzen zait ematen duten irudia, eta arrazista. Gurean beti borroka bila ibiltzen direnik egongo ez balira bezala… Eta banda horietan ibiltzen direnak guztiak latinomarikarrak izango balira bezala…

 

Baina ez dakit, hala ere ez ditut banda horiek Azpeitin edo Azkoitin imaginatzen. Gure herrietako jendea ez dut hola imaginatzen, eta gurera etorritako atzerritarrak ere ez. Bai, brometan egindako pintada bat izango da. Seguru.  Edo ez?

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide