Badago presarik

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Elduaien 2006ko mai. 18a, 20:05

Oraindik ez omen dela garaia. Gauzak aldatzen ari direla, eta laster zerbait egiteko unea iritsiko dela. Baina oraindik ezetz.

Azpeitiko Udaleko ordezkariek (EAJ-EA) Presoen Topaguneko ordezkariei duela astebete inguru esandakoa da. Larunbatean egingo den Elkartasun egunerako konpromiso eske joan ziren Topagunekoak beste behin: udaletxean presoen aldeko maindirea jartzeko eskatzera, eta Udaleko ordezkari moduan, arratsaldean egingo den manifestaziorako deialdia egiteko esatera, besteak beste. Baina ezezkoa jaso zuten beste behin ere. Pausoz pauso ekimenean egin bezela, hauek izan ziren alkatearen hitzak: “presarik ez dago horrelako pausoak emateko. Iritsiko dira, baina presarik ez dago”.

“Hik ez dek eukiko presarik, nik bai, nire semea Frantzian zegok”, pentsatuko zuen orduan Juanitak, seguruenez. Eta berarekin akordatu naiz egunotan. Berarekin, bere senarrarekin eta bere seme-alabekin. Txapiren ama da Juanita, eta dagoeneko ondo baino hobeto jakingo duzue funtzionarioek jipoitu egin dutela Mureten (Frantzia) dagoen preso azpeitiarra.

Denbora eta presa erlatiboak direla esaten da. Ederki. Ibarretxe garai berriak gora eta garai berriak behera dabilen honetan, lege zaharra da nagusi gurean. Erraztik presoen aldeko keinuak behin eta berriz eskatzen dituen honetan (eskatu behintzat egin ditu), inkoherentzian preso jarraitzen dute herrian. Segi horrelaxe.

Presak hil egiten duela ere esaten dute Marruekosen. Horixe esatea bakarrik falta zaizue. Mesedez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide