Eta horrelakoetan zer?

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Elduaien 2006ko uzt. 17a, 17:07

Gaur adinakoa edo antzerakoa. Halakoxe beroa egiten zuen duela astebete, astelehenean. Jai nuen oraindik, eta Zumaiako herriko hondartzara joatea pentsatu nuen, freskatu asmoz.

Baina a ze disgustoa nirea, hara iritxi, marea goian eta bandera horia ikusi nituenean. Jende guztia elkarren gainean, bainatzeko toki txiki-txiki bat eta olatuen indarrei aurre egiteko larri... Dutxan sartu eta toallan etzan nintzen, etsita.

Bozgorailua orduan: "Itsasoaren egoera larria dela eta, bandera gorria jartzea erabaki dugu. Atera zaitezte guztiok uretatik". Earra asuntue, pentsau nuen. Eta uretara begira jarri nintzen. Jendeak ez zuen jaramonik egiten, eta hantxe jarraitzen zuen lagun mordoak uretan, helduak, gazteak eta umeak... denak hantxe.

Ordu laurden barru berriz eskatu zuten sorosleek uretatik ateratzeko. Berriro ere jendeak kasorik ez. Eta halako batean, orduerdi pasatu ostean, hara zer entzun nuen: "Jendeak jaramonik egiten ez digula eta, zentralitara deitu dugu, eta haiekin hitz egin ostean, hondartza honetatik erretiratzeko erabakia hartu dugu. Hemendik aurrera zerbait gertatzen bada ez gara erantzule egiten". Eta halaxe itxi zuten txiringitoa. Arratsaldeko 17:30ak izango ziren.

Aho zabalik geratu nintzen. Eta bakarrik zaudenean egiten den moduan, ingurukoen konbersazioak entzuten hasi. Emakume talde bat haserre zen atzean: "hoyek, jendie ezin debelako kontrolau, alaa, ospa. Hoyek hortxe eon ber lukebe ur ertzien txistu jo ta jo jendie atea arte". Ondoan zegoen gazte batek, berriz, honakoa esan zion ondokoari: "Ba oso ondo iruitze zat. Bandera gorriyekin ureta sartzeanak beak asumitzeu arrixkue kontzekuentzi guztiyekin".

Eta nik biei ematen nien arrazoia, nerue buruarekin eduki nuen bakarrizketan. Ordu erdi gehiago bakarrik aguantatu nuen hondartzan, eta alde egin nuen. Baina norbaiti zerbait gertatuz gero ze pasatuko zen pentsatzen egon naiz ordutik. Zorionez ez da ezer gertatu. Baina ez dakit, gauzak ez ditut batere garbi ikusten. Zuei ze iruitzen?

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide