Polikiroldegiko taberna berriz zabalduko dutela irakurri dut aste honetan. Oraingoz, jatordurik ez dutela emango, baina pintxoak eta bai. Poztu egin naiz hori jakinda. Trixtura ematen zidan orain arte polikirolderia joan eta han goiko partean, atzekalde hartan halako iluntasuna somatzeak.
Eta taberna berriaren kontua irakurrita taberna zaharraren kontuak etorri zaizkit burura (buff, zahartzen ari naizen seinale izango da, nostalgia puntu horiek...). Kostilla eta txuletarekin lotzen dut hondarbidetarrak taberna hura eduki zutenen garaia.
Eta errugbiko jokalari izateko eduki nuen burutazio-sinesmen-utopia xelebre harekin.
14 bat urte izango nituen. Gure kuadrillako batek esan zidan, bere gelan batek esan ziola nesken errugbi talde bate egin nahi zutela Azpeitin. Mutil batzuk ibiltzen zirela entrenatzen, eta haiekin entrenatzen hasteko. Jendea behar zutela. Eta bi aldiz pentsatu gabe, hor joan nitzen ni nire metro erdi eskasekin eta betaurreko eta guzti. Gogoratzen dut orain aerobic ematen duten toki horretan meleak eta bestelakoak egiten ibiltzen ginela Edu, Ankla eta beste batzurekin. A ze ostiakoak...
Eta egun horietako batean zer okurrituko eta baloiaren hankaz tiroak egiten ikasiko genuela. Nik garai hartan betaurrekoak erabiltzen nituen, lentillarik ez oraindik, eta entrenatzeko kendu egiten nituen. Ba bueno, hor noa ni neure miopia eta guzti baloiari ostiko bat eman eta gorantz tiro bat botatzera. Bota nuen, baina baloia nora joan zen ez nuen ikusi. Eta han zai, pitorik ikusi gabe, gainerakoak buruari eusten ziotela ikusi nuen. Eta derrepente krixtoren plater eta ostia hotsa. Ez nekien zer gertatzen zen. Baloia ez zela itzultzen bai, konturatu nintzen, baina ez nekien non krixto sartu zen.
Eta orduan esan zidan Eduk: "Tabernara joan da, han sartu da". Baloiaren bila joan nintzenean a ze bronka bota zidan gizonak. Afai merienda egiten ari zen bati begian jo niola, platerak puskatu nituela eta nik ez dakit ze gehiago. Nire miopiaren borrosidadean gizon bat builaka, hori bakarrik ikusten nuen.
Esan beharrik ez dago. Ordutik ez genuen gehiago tiro saiakerarik egin. Beno, eta errugbiko entrenamentuek ere ez zuten asko iraun, jende gehiago ez zelako apuntatu. Baina zenbat aldiz begiratu diodan polikiroldegitik taberna doan zuloari. Handik baloia nola sartu zen oraindik ezin dut sinestu.
Baina beno, lasai, dagoeneko ez naiz baloiarekin tiroak egiten ibiltzen. Eta dagoeneko lentillak erabiltzen ditut. Beraz, taberna berrian pintxoak jateko arriskurik ez dago. Oraingoz ez da kaskorik beharko.