Kanposantua apaintzen ari da, berarentzat urteko egun garrantzitsuenerako. Gurutzeak garbi, lore zentroak eta sortak berri-berri... Santu guztien egunean, aurten ere, inoizko itxurosoen egongo da.
Eta horretan zeoze egin nahi izan du Azpeitiko udalak. Asteburuan enteratu gara. Erorien gurutzeko plaken mezua aldatu dutela behingoz. Berriak jarri dituztela. Mezu berriekin. Bejondeiela! Ba zen garaia.
Halere, baditut nire zalantzat eta nire kezkak horren inguruan. Jakina da plakak aldatzekotan urtebete baino gehiago pasatu ditutela Udalak, ikerketak eta dena delakoak egiten. Bitartean, plakek hor jarraitzen zuten, eta 36 altxamenduan Frankoren alde egindakoen goraipamenak ere bai. Orain hilabete inguru Segikoek kendu zituzten arte. "Susmo txarra" hartu zioten ekintzari Udalekoek orduan, hala esan zuten. Baina plakak orduantxe kendu zituzten, eta faxisten goratzarrea ere bai.
Ez dakit, agian nere irudipena da, baina ekintza horrekin Udala egiten ausartzen ez zena azkenean beste batzuk egin zutela iruditzen zait. Eta behin lan hori beste batzuk eginda, eurak plaka berriak jarri eta ekitaldi solemne hori egitea oso erraza izango zela ere bai.
Eta are gehiago. Plakak aldatuta bakarrik Frankoren aldekoen sinboloak desagertu direla esatea ere gehitxo iruditzen zait. Gurutzea bera, Erorien Gurutze delako hori, gehienok frankistekin identifikatzen dugula iruditzen zait. Alegia, haien omenez egindakoa dela, berez, haien jarraitzaileek, eta orain 36ko gerran hildako guztientzat erabiltzea ez zaidala oso bidezkoa iruditzen.
Bestela, imaginatu. Orain arte kanposantura joan eta gurutze hori ikusita samina sentitzen zutenek, orain, bat batean, zer egin behar dute "ah, ez ez, orain danona da ta ezin det hasarrau". Ez ote da gehitxo eskatzea...
Ba hori, behin kentzen hasita, gurutze osoa kentzea ez ote zen ba egokiagoa. Kanposantua politagoa legoke, nere uste apalean.