Aparteko "apagar extra"

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Elduaien 2008ko mar. 25a, 16:03

Gipuzkoarren herenak eginda jasoko omen dugu errenta aitorpena aurten. Hala jakinarazi du Diputazioak. Autolikidazio delakoak dira. Etxera korreoz bidaltzen dizkizutenak.

"Suerte earra!" pentsatu nuen nik neuk orain dela 4 urte horietakoa iritsi zitzaidanean. "Ezer in berrik ez". Eurek bidalitakoa hartu, internet bidez onartu, eta lixto. Gauza bera pentsatu nuen orain 3 urte eta orain 2 urte ere. "Delaostia".

Disgustoa gero etorri zitzaidan ordea. Orain urtebete ez zidaten bidali eta neuk joan behar izan nuen egitera. Joan naiz papel danak hartuta, egin didate, eta banindoala...: "aizu, hemen arazo bat dago". Aurreko hiru urteetan eurak eginda bidali zidaten deklarazioan erru bat dagoela, hipotekaren desgrabazioa gaizki egin didatela, eta gehiegi kobratu izan dudala. Ni harrituta. "Baina zeuek egin eta zeuk bidali ez didazue ba?". Bai baina batzuten hanka sartzen omen dute. "Igual" urtea bukatzerako aurreko hiru urte horietako diru hori itzultzea eskatuko didatela, gainera.

"Igual" ez, seguru. Urtarrilean iritsi zitzaidan. 1.500 euro inguru itzuli behar izan nituen. Eta orain arte itzuli ez izanagatik interesak ere kobratu dizkidate. Erreklamazioak jarri nituen bazter guztietan, baina alper-alperrik. Eurak erratu arren nik onartu nuela autolikidazio hori. Eta interesak ere ordaindu egin behar. Niri inork diru hori zor nuela jakinarazi ez arren, azken urteetan ordaindu gabe edukitzeagatik interesak ere ordaindu egin behar. Hala omen dio legeak.

Hilabeteak pasatu dira eta ahaztu bazait ere, haserrea berriro itzuli zait kanpaina berria badatorrela akordatzean. Alegia, autolikidazioa iristen zaizutenean badaezpada ondo konprobatzeko, Gabonak inguruan aparteko "a pagar extra" bat ez izateko. "Denok gara ogasuna" zioen lemak. Batzuk besteak baino gehiago garela dirudi.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide