Guardiola Azpeitian

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Elduaien 2009ko eka. 3a, 11:06

-Egualdi earra gaur eh?

Igogailuan zenbaitekin zer esan ez dakidala gelditzen naizenean bezala, eguraldiaz hitz eginez itzultzea pentsatzen hasia negoen. Urtebete pasa da jada hemen agertu ez naizela, eta horrelakoetan izaten da lotsa edo antzerako sentipen bat...

Baina, ez. Eguraldia majo portatzen hasi da eta, ze esangoizuet ba, Pello Zabalarenak egiten ez naiz hasiko dagoeneko. Ni neurera.

Bartzelona futbol talde zalea naizela jada ez da sekretua. Egunotan zentimetro batzuk hazi naizela ere esan dit zenbaitek, adarra jotze aldera. Nahi bai! Baina ez naiz kopak zenbatzen hasiko. Pep Guardiola ekarriko dut gurera, orain urte batzuk hemen bertara, Azpeitiko kaleetara bera bere kabuz etorri zen moduan. Orduan oraindik jokalaria zen, eta oporraldi tarte batean Bustintzuriko errebalean ikusi omen zuten. Loiola ingurura zerbaitetara etorria omen zen, eta herrian omen zebilen ikusmiran.

Errebaleko denda bateko andre batek ikusi, eta beregana jo omen zuen. "Aizu, horko tabernako jabeak oso Bartzelona zaleak dira, eta pena da zu ikusi gabe joatea".

Oker tabernakoak ziren  bartzelonistak. Baina taberna itxita omen zegoen. Guardiolak biharamunean ere Azpeiti aldean ibiliko zela eta itzuliko zela tabernakoak agurtzera esan zion dendariari.

Eta esandakoa egin. Hurrengo goizean ere han agertu omen zen futbolaria. Okerreko tabernarientzat goiz antxean izan, ordea, nonbait, eta berriro ere atea itxita topatu omen zuen. Barre egin eta "lastima" esanez alde egin omen zuen Guardiolak.

Okerreko orduko jabe bat Bartzelonako peña bateko kide da orain, Zestoan. Deskuidoan Guardiolari bertara bixitan joatea okurritzen bazaio ere, egunero despertadorea garaiz jartzen omen du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide