Azpeititik Villenako espetxera elkartasun martxa

Joan den zapatuan, otsailak 20, elkartasun martxa egin genuen Azpeititik Villenako espetxera. Elkartasuna eta maitasuna helarazi nahi izan genizkien etxetik urrun dauden presoei. Kanpotik barrura helarazi genuen maitasunak barrutik kanporako bidea ere egin zuen. Martxak utzi dizkigun bizipenak, hemen:

Ostirala. Gau erditik ordubete igarota. Eskualdeko hamarnaka lagun Urola erditik Villenarako bidea egingo zuten bi autobusetan. 700 kilometro pasa eta 8 ordu baino gehiago aurretik.

Bitartean, Euskal Herriko txoko asko eta askotan egoera berdina marrazten ziharduten ehundaka eta ehundaka herritarrek. Guztira, 4300 lagun. Milaka eta milaka kilometro aurretik. 40 espetxe destinu gisa.

Zapatua. 09:00ak ondo pasata. Kafetxo bat hartzeko parada. Handik gertu genuen espetxeko horma iragazgaitza. Elkartasunak eta maitasunak zeharkatuko dituen ilusioz, lehenengo suziriak Gotzon Aranburu azpeitiarrari eta han ditugun gainerako euskal preso politikoei, bertan ginela adierazteko. Espetxea inguratuz musika, oihu, irrintzi  nahiz konplizitatezko begiraden artean, barroteen artetik jasotako keinuak. Kanpotik barrura iritsiarazi nahi zen maitasunak kontrako bidea ere egin zuen. Bai, kanpoan geundenok ere jaso genuen barrutik kanpora bidali zizkiguten maitasuna. 

Zapatua. Gauerdia pasata. Bueltan Azpeitian. Ia 1500 kilometro atzean utzita. 24 ordu. Elkartasun eta maitasunaz gain, umoreari eta baikortasunari tartea eskaintzeko momentu asko. Hala ere, etxeko nahiz lagunak bisitatzeko asteburuero sakabanaketaren mendekuaren ondorioz ibilbide luze hau egin behar izateak sortzen duen amorruarentzat ere bada tokirik gure barrenetan.

Abian gaude

Ezker abertzale osoa bere burua birkokatzeko ahaleginean ari da. Azken urteotako ibilbidea aztertu, aurrera begiratu eta eraberritu beharreko kontu guztiak mahi gainean jarri nahi ditugu ABIAN deitu dugun ariketa kolektiboarekin. Kide eta lagun askoren ekarpenak jaso ditugu, militanteen ahotsa entzun eta horren gainean osatzen ari gara datozen urteotarako asmoak eta egitekoak.

Eta nola ez, euskal preso politikoak bidelagun aktiboak ditugu. Haien ekarpenak bilatu ditugu txostenak osatzeko eta eztabaida prozesuan partaide izan daitezen saiatuko gara etengabean. Erabakiak hartzeko batzarretan haien ahotsa entzun dezagun, haien jarrera eta bozka ere presente egon dadin. Baina hori ez da nahikoa.

Guztiz premiazko, urgentea eta beharrezkoa zaigu sakabanaketarekin amaitzea. Presoen, senideen eta lagunen eskubide urraketa larria delako. Demokraziaren errespetu gutxienezkoa aski litzateke. Baina sakabanaketa eskubideen aurkako gerra-makina da, biolentzia helburu politikoekin erabiltzen jarraitzen duena, eskubide asko urratzen dituena. Horietako bat presoen eskubide politikoak. Izan ere, preso politikoak direlako, kolektiboak bere burua antolatzeko aukera eta bere parte hartze politikoaren gutxienezko baldintzak bermaturik edukitzeko eskubidea dauka. Baina hori ez da horrela. Jakina da.

Sakabanaketa amaitzeko erabateko determinazio. Gaixo diren presoen berehalako etxeratzea. Egun indarrean diren salbuespenezko legeak eta Kolektiboaren aurka erabiltzen diren zigor molde guztiak indargabetzea. Euskal Herriaren esku, euskal jendartearen erabakien baitan marraztea presoen etxeratze bidea. Askatasunean, demokrazian eta hautu librean oinarritutako eszenatokia osatzeko ezinbesteko bidea. Aldarrikapen guzti horiek barneratzen dituen ABIAN den bidea irudikatu  dugu asteburu honetan.

Datorren zapatuan, otsailak 27, bere burua abertzale eta ezkertiartzat duen ororentzako tokia duen batzarra ospatuko da, Baigerako aretoan goizeko 9:30ean hasita. Batu gaitezen ABIAN den bidea eskutik egiteko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide