Duela bi urte, nire lagun min Ankitak partekatzen genuen etxea utzi zuen Delften (Herbeereak), Lausanera (Suitza) lanera joateko. Erbestean sorturiko senidea dut Ankita, beraz, nire lehen erreakzioa "noiz joan naiteke zu bixitatzera?" galdetzea izan zen, espero ez nuen erantzunarekin: "Nahi duzunean, lurrez bidaiatzen baduzu". Ankitak Ekologia Industrial ikasketak ditu, eta beti izan du kontzientzia klimatiko handia: etxean begetarianoak gara, plastikorik ez erabiltzen sahiatzen gara, produktuak merkatuan erosten ditugu, gure etxeko liburutegian Naomi Kleinen eta Aiora Zabalaren lanak ditugu... Beraz, maitasunagatik egiten ditugun gauza horietako batean Ankitak bidaliriko gaueko trenerako lotura aztertu eta han joan nintzen 14 orduko trenean Suitzara.
Ankitak arau hura jarri zuenetik, gure lagun taldean garraio publikoa erabiliz bidaiatzen saiatzen gara. Argi da lurrez ezin garela hain urrun joan, baina ez nien bi aldiz zabaldu behar izan Azpeitiara etortzeko gonbidapena lagunei. Gurasoen eskuzabaltasunak eta baratze ondoko zelaian ezarririko kanpinak, nire herbeeretako lagunak izan ditu abuztuko lehen hamarraldian. Xoxote gailurreko argazkian ikus daitezke: Ni, Reuben ingelesa, Ankita herbeeretarra, Raj indiarra, aita, Satya eta Aniket indiarrak, Sam alemana eta ama; Elvis caboverdetarra falta da argazkian.
Denei ere biziki gustatu zaie Azpeitia, eta azpeitiarren batek ere barre galantak egin ditu kaleume talde hori ikusita. Xoxote puntan ginela batek galdetu zigun "erlijiosoak?", Loiolako turistak behingoz San Inazioren estatua ikutzera joan direlakoan. Errealitatea da, guk bidaiatzen dugun moduan, gure lurretan ere gero eta turista gehiago direla. Atzean gelditu dira Espainiarekiko kritikak, ekonomia turismoari lotua izateagatik. Gaur egun Berriak hala dio: "Loiuko eta Hondarribiko aireportuek inoizko uztailik onena izan dute",. Hurrengo bero boladaren zain egon beharko klima larrialdiaz hitz egiteko, biak loturarik gabeko kontuak balira moduan. Ia hamar urte daramatzat Euskal Herritik kanpo, baina turismoaren suntsipena sentitzen dugu Herbeeretan ere; bertakook ezin ditugu ordaindu alokairuak, zartargin bat erosteko dendarik ez da gelditzen auzoan, epe laburreko turistek ez dute parte hartzen auzolanean eta zentro sozialetan... Turismo jasangarria lurralde bat subjektu moduan ulertzetik hasten da, geu protagonista gaituen argazkietako fondoak bilatu ordez, goazen lekuko biztanleak ezagutzearekin. Nire lagunei paisaietatik at, Euskal Herria osatzen duten pertsonen berri ematen saiatu naiz.
Harrigarria da zenbat plan egin daitezkeen Euskal Herrian udan zehar, saninaziyuek eta andramaixen artean ere. Ibaian arraunean ohitutako Sam, alemana, txundituta utzi dute Lekeitioko traineruek, eta Aizkorrin mendia maitatzen ikasi omen du. Reubenek inoiz ez duela hain ondo jan dio, ice coffeerik ez baina kostatuko zaio patata tortillak (edo berak dioen moduan potato cake) eta etxeko tomatea Ingalaterran aurkitzen. Ankitak kooperatibismo grin sutsua du, baina ezinezkoa omen da eskala handian; imagina dezakezue exenplu pila galanta erakutsi dizkiodala Suizako argumentu neoliberalekin alderatzeko. Satya India hego-ekialdetik dator, eta telugu hitz egiten du etxean, Indiako 22 hizkuntza ofizialetako bat. Teluguak 81 milioi hiztun izanik ere, India Ingalaterraren kolonia izan zenez, ez daki bere ama hizkuntzan idazten, alfabeto ezberdina baitu. Dakizkien bost hizkuntzei bat gehitu nahian, euskara ikasten ari da, euskara eta gaztelania besterik hitz egiten ez dituen gure aitaren laguntzaz; teluguan anaia hitza existitzen omen da, gurearen esanahi berberarekin. Aniket Mumbaitik dator, eta bere ama hizkuntza marathera da, hindiaren eta urduaren familia berekoa, nahiz eta biak alfabetu ezberdinarekin idazten diren. Bizikletaz etorri zen Paristik Azpeitira, mila kilometrotik gora eginez, eta pilotari bikaina bihurtu da astebetean; hurrengoan Goenan kriketean jolastu behar omen dugu.
Ez pentsa, niri ere inbidia galanta ematen dit Instagramen ur gardendun hondartzak ikusteak, baina nire Herbeeretako lankideren batek "I'm going on holiday to Spain this year! Any recommendations for San Sebastian?" (oporretan Espainiara noa! Gomendiorik Donostiarako?) esaten didanean, Maldivetako herritarren identitateaz tutik ez dakidan bitartean, agian nire lagunen baten baratze ondoko zelaian ekarpen hobea egingo dudala uste dut. Dena dela, gaur-gaurkoz marathera ikasten jarraituko dut.