Legazpiko lagun batek, Aitor Casado-k, informazio bat bidali dit urriaren 12an ospatuko den mendi martxa garrantzitsu bati buruz. Azpeitian dugun mendi-zaletasuna gogoan harturik, guztiz aproposa iruditu zaigu Aitor eta bioi albiste honen berri ematea.
Aizkorrin barrena mendi martxa urriaren 12a izango da, Legazpiko herriak 2008an ospatuko duen mendeurrenaren barruan antolatu dute. Izan ere, duela 400 urte Legazpik Segura hiribildutik askatzea lortu zuen eta, horrekin batera, villa izaera lortu zuen. Hainbat ekitaldi egingo dira urtean zehar eta horietako bat Euskal Herri mailako mendi martxa bat izango da. Kontuan izan behar dugu Legazpi Aizkorriko Parke Naturalaren ateetan dagoela eta ingurune zoragarria duela.
Hainbat helburu lortu nahi dituzte mendi martxarekin. Lehenik eta behin, senderismoa sustatzea, kirol sanoa, merkea eta ekologikoa delako, gure ingurunean egiteko oso aproposa. Bigarrenik, Legazpi inguruko natura eta ondare aberatsa ezagutaraztea, gure baso eta larre ederrak, antzinako bideak, burdinolak... Hirugarrenik, Aizkorriko Parke Naturalerako atea Legazpirako aldarrikatzea, baldintza ezin hobeak dituela iruditzen zaigulako: tren-geltokia, ingurune zoragarria, jolas-guneak, bide zaharrak... Eta, azkenik, legazpiarren arteko auzo-lana bultzatzea nahiko genuke eta herriaren alde lan egiteko izpirituari eustea.
Bi ibilbide izango ditu Aizkorrin barrena martxak: bat luzea (30 kilometrokoa); bestea motza (16 kilometrokoa). Bai batean, nahiz bestean antzinako bideak erabiliko dituzte. Arabako bidea edo Aizkorrondoko mandabidea, Biozkornako bidea, legazpiarrak Arantzazura joateko Erromes Bidea, zegamarrak Arantzazura joateko Erromes Bidea... historiaz betetako bideak, inondik ere. Ibilaldi egunean gure ingurune eta historiari buruzko azalpenak emango dira.
Ibilbide luzea honako lekuetatik igaroko da: Brinkola Antsumaitz Oazurtza Aizkorrondoa Txaparri Sandrati Pagazuloeta Oltza Arbelar Artzanburuzabal Katabera Trikuetxeta Bederatziiturrieta Brinkola.
Ibilbide motzak, berriz, hasierako eta bukaerako zatietan, ibilbide luzearekin bat egingo du: Brinkola Antsumaitz Oazurtza Erromes Bidea Katabera Trikuetxeta Bederatziiturrieta Brinkola.
Ikus-entzunezko diaporama bat ere aurkeztu du Aitor Casado-k mendi martxa honi buruz. Nahi duenak deskargatu egin klik hemen, eta zirkuituari buruz xehetasun guztiak ezagutu nahi duenak berriz, hemen dauka web gune bat, http://www.izadi-zaleak.com/mendimartxa/. Ekitaldiaren garaia hurbiltzen doan moduan joango gara albiste gehiago ematen, besterik gabe eskerrik asko.
Blog pertsonala: ibarzabaltxokoa