Aizkorrin Barrena mendi martxa 2009

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Ibarzabal 2009ko ira. 18a, 23:09

Egun hauetan deialdi bat zabaldu nahian dabiela ikusi dut facebooken nire Legazpiko lagun “KxK”, eta esku bat botatzea pentsatu dut nire bloga erabiliaz. Mendi irteera baterako deialdi bat da, eta agian interesgarria irudituko zaizue mendizale zaretenoi. Aizkorrin Barrena mendi martxa antolatu dute Legazpiko Izadi-Zale mendi elkartekoek.

Aurtengo Aizkorrin Barrena mendi martxarako, ibilbide desberdinak diseinatu dituzte, iazkoak hobetzea oso zaila dela dakiten arren. Baina mendizaleari eta izadizaleari erakutsi nahi diote Legazpi (Brinkolako geltokia, batez ere) abiapuntu aparta dela ibilaldi ugariak eta zoragarriak egiteko. Eta horrekin batera, Aizkorriko Parkearen atea izateko ezaugarri bikainak dituela.

IBILBIDE LUZEA 

Ez dira zuzenean Aizkorriko mendikatera abiatuko. Aurretik itzulinguru bat egingo dute Urola eta Oria harroak banatzen dituen mendilerrotik.

Brinkolako tren-geltokitik behera egingo dute lehenik eta laster eskuinetara egingo dute “zazpi begiko zubiaren” eta karrilaren azpitik igarotzeko. Bidezidor batetik gora egingo dute Agirrezabal baserrira iritsi arte.

Agirrezabaletik Aztiri aldera hartuko dute Basaunditik barrena. Inguru hauetan badakigu Erdi Aroan labe asko zeudela burdina egiteko eta hori frogatzen duten aztarna asko ditugu, zepadiak (eskoriak) eta labe-zuloak.

Teniolako zepadiak atzean utzi eta Biurraingo sakonean sartuko dira. Berehala, Aztiriko bentara iritsiko dira. Aztiriko benta Gabirian dago, baina juxtu-juxtuan, hiru herrik muga egiten baitute metro batzuetara: Gabiriak, Legazpik eta Mutiloak.

Aztiriko bentatik Mutiloako Aizpuru mendian barneratuko dira, berriz ere hiru herriren mugara iritsi arte, Zabarainera. Leku honetan Mutiloak, Zerainek eta Legazpik mugatzen dute. Zabarainen ere mendiko burdinolen aztarnak topatuko ditugu.

Zabaraingo lepotik Otañuko gainera iritsiko dira, Goierriko talaia ikusgarrienetako batera. Tontorrean antzina megalitoren bat egongo zen (orain ere hala egongo da “puntu geodesikoaren” azpian). Izan ere, bertakoek Arriaundi deitzen diote.

Tontorretik behera egingo dute Salibietara iritsi arte, antzina larre ederrak (gaur pinudia) eta handik pixka batera Larrosainera helduko dira, Legazpiko ehiza leku garrantzitsuenera. Larrosainen, hain zuzen, Aizkorriko Parke Naturalean sartuko dira.

Larrosainetik Alustitzaingo zabalera joango dira antzinako bide malkartsutik. Alustitzaingo larreak Zeraingo artzaiak erabili izan dituzten oraintsu arte.

Handik, pendiz gogorrean Oazabaleta aldera egingo dute, Arripillaetako megalitotik igaroz. Oazabaleta (edo Arrobi) Legazpiko herri-lurrak dira eta bertan herriko abereek larratzen dute. Gaina zoragarria bada ere, ezin gauza bera esan Gipuzkoako Aldundiak hondatu duen lur-eremuarekin. Ulertu ezin diren arrazoiengatik Parke Naturalaren zati handi bat mendiko pistaz (kilometro asko) bete baiditu.

Oazabaletari ere Irumugarrieta esaten diote batzuk, hiru herrik bat egiten dutelako izkina batean: Zerainek, Zegamak eta Legazpik. Esaten dute bertan eseriz gero, ipurdia Legazpin, eskuineko oina Zegaman eta ezkerreko oina Zerainen dituzula.

Oazabaletatik gora egingo dute Arranoaitzera. 1936. urteko udaran faxisten kontrakoek trintxerak ebaki zituzten bertan altxatu ziren tropei aurre egiteko asmoz. Bestetik, adierazi behar da XV. mendean Legazpiko udalerria tontor honetaraino iristen zela.

Arranoaitzetik behera Oakorosora iritsiko dira, bi etxola dauden larre zabal batera. Zabal honetara ailegazen da, Urrusti baserrietatik barrena, Zeraingo erromes bidea.

Gero, gora egingo dute Ormakio aldera eta handik Oazurtzeko lepora, behera. Oazurtzen, Zegamako aldean, artzaien etxola multzo bat dago, gehienak erdi erorian, baina oso bitxia, inguru honetan artzaintzak izan duen garrantziaren eraskugarri.

Oazurtzetik Aizkorri aldera abiatuko dira, baina ezkerretara hartuz. Izubiako zabalera iritsiko dira. Zegamako partean badago ere, Legazpin oso ezaguna da, bertako sail handi bat Patrizio Etxeberria enpresariak erosi zuelako gerra-osteko urteetan behar-beharrezkoa zuen egur-ikatza ziurtatuta edukitzeko.

Izubiatik eskuinetara egin eta, aldapa gogorrean, pagadian barrena, Andraitzera iritsiko dira. Andraitz ez da goiko tontorra, gaur egun mendizaleek esaten dioten bezala, baizik eta beherago dagoen harkaitza, iturritik gertu. Goiko tontorretik bertako artzaiek Burnikuruzko haitza edo Igoateko gaina esaten zioten.

Andraitzetik nahi duenak Burnikurutzera eta nahi duenak Kargalekuetara egin dezake. Kargalekuetara harkaitzek mugatutako belardi luze batetik egingo dute, pasabide natural batetik.

Handik, Arriurdingo ardiak larratzen duten zehar batetik, Kataberara iritsiko dira, antzinako meatzea. Kataberan, gainera, Zegamako eta Legazpiko erromes bideak elkartzen dira eta “Amabirjiñaren sillea” dago.

Nardegiko aldapatik jaitsiko dira, eskuinetara “Nardegiko baratza” utziz (amildegiaren ertzean dagoen eskorta biribil bat). Narda edo harri soltea ugari delako, hortik Nardegi izena.

Nardegitik Jandoainera iritsiko dira, txantxikuek “Jaondo” esaten dioten larre leku zaharrera, eta handik behera egingo dute Barrendiola aldera.

Ollariagako zabalera iritsi baino lehen, Iturbeltz aldera hartuko dute. Iturbeltzen Legazpiko iturririk oparoena dago eta, hain zuzen horregatik, 1930.eko hamarkadan Legazpirako urak hartzeko tubobidea hortik aurrera egin zuten.

Tubobidean aurrera egin eta Pikandiko herri txabolara iritsiko dira, tubobidea konpontzeko Legazpiko kontsejuak langileentzat egindako etxola.

Pikanditik Pikandiaingo mugarrira joango dira. Mugarri honek Legazpiko lehen udalerriko muga adierazten du. Muga zaharra Arranoaitzetik Jandoainera zihoan, Pagola, Urkimendi eta Pikandiaintik barrena.

Pikandiaindik Biaingo kortara jaitsiko dira. Kortak larreleku biribilak izaten dira: erdi-erdian mugarri bat eta 160 bat metroko erradioa izaten dute, Legazpin. Biaingo kortak erdiko mugarria edo haustarria gordetzen du.

Haustarria atzean utzi eta azkeneko aldapari ekingo diote, Armuñora doanari. Armuñoko bidean Urietako megalitoa ikusiko dugu eta baso ederretatik igaroko dira. Quercus petraea eta quercus pyrenaica (ametza) zuhaitzak ugariak dira inguru horretan.

Armuñotik Brinkola alderako jaitsiera Olabasotik egingo dute eta bertan Guriditegiko Turbina zaharraren ur-depositoa ikusiko dugu. Gaur egun utzita badago ere, bertan bizi diren narrastariengatik balio handiko lekua dela esan daiteke.

Olabasotik Antxerdira joango dira, Brinkolako baserri askotako egileorrak edo ardi-etxolak dituen ingurua eta handik, atzera, tren-geltokira, ibilbidearekin amaituz.

IBILBIDE MOTZA 

Ibilbide motzaren lehen zatia, Brinkolatik Txiplategietaraino, iazkoa da.

Olazarren, irteeratik 300 bat metrora, Aizkorriko Parke Naturalean sartuko dira, baina Barrendiola aldera egin beharrean aurrera egingo dute, karrilaren norabideari jarraituz.

Lehenik Arabaolatzaneatik pasako dira, etxe historikoz osatutako auzunea: Arabaolatza edo Etxeaundi, Guriditegi, Arabaolatza errota (antzina burdinola), Zubiaur, Ermentaria…

Horiek atzean utzita, Gibolaazpikoa burdinola egondako lekutik igaroko dira, porlanezko bide zuzenaren hasierako zabalgune batean zegoena.

Gibola (Gibelolagarakoa) eta Brinkolazar igaroko dituzte eta Uarkaundik ezkerretara egingo dute Altzolaerrekan gora.

Iruerrekatan hiru erreka elkartzen dira (Areai, Ubao eta Altzola) eta hortik bere izena. Antsomaitz sakona gurutzatu eta gero, Urkurutza izeneko parajean ezkerretara gora egingo dute, antzinako bidetik.

Laster Oazurtzako zabalera iritsiko dira, Legazpik eta Zegamak bat egiten duten lekura. Oazurtzen, Zegamako aldean, artzaien etxola multzo bat dago, gehienak erdi erorian, baina oso bitxia, inguru honetan artzaintzak izan duen garrantziaren eraskugarri.

Oazurtzatik gora Erromes Bideari jarraituko diote, baina bidegurutze batean eskuinetara egingo dute Erromes Bide berria alde batera utzita. Altzolaerreka gurutzatu eta piska bat igo eta gero Altzolazabalera iritsiko dira.

Altzolazabaletik Arlepoko harkaitz goienera abiatuko dira eta handik Txiplategietara. Paraje hau errez ezagutzeko modukoa da bertan sortzen diren astatxilarrengatik edo txilar handiengatik.

Txiplategietan, ordean, Erromes Bide zaharrari jarraitu beharrean, ezkerretara egingo dute 1970. hamarkadan ebaki zuten bidean. Petroleoa topatzeko zundaketak egin zituzten garai hartan eta, horregatik, gaur egun Petroleobidea esaten zaio. Oso goian doan bidea denez, ikusmira zoragarriak ditu Oñati eta Legazpi aldera.

Petroleobideari jarraituz Jandoainera iritsiko dira. Hemendik aurrera ibilbide luzearekin bat egingo du amaiera arte. Jandoain parajeari txantxikuek “Jaondo” esaten diote.

Hemendik bukaeraraino bi ibilbideak elkarrekkin joango dira.

Mendi martxa hau urriaren 12an ospatuko da Legazpin, eta irakurri duzuen bezala bi ibilbide mota dituzue aukeran. Informazio guztia, hau da, ordutegiak, hurbiltzeko garraioak… web orri honetan aurkituko dituzue: http://www.izadi-zaleak.com/aizkorrinbarrena/  “KxK” berak sortu baidu jendeari gauzak errazteko.

Beraz lagunok, mendia gustuko baduzue hemen daukazue aukera ederra, ez zait iruditzen damutuko zaretenik, oraindik Euskal Herriak hainbat txoko polit kontserbatzen baiditu guretzat.

----------------------------------------------------------------------------------

Egunero idazten dudan nire blog pertsonala irakurri nahi duenak, klikatu ondorengo helbidean: http://ibarzabaltxokoa.wordpress.com/

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide