Eta zuk, nola duzu bihotza?

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Ibarzabal 2012ko abe. 24a, 10:10

Gabon eguna

Eguberri bete betean murgilduak gaude, urtero nahi edo ez hementxen izaten dugu bisitan eta berarekin batera betiko gaia edo eztabaida ekartzen digu; ilusioz beteriko egun pozgarriak dira, edo tristura sortzen diguten egun goibelak?

Neure burua aztertzen jardun ostean erantzun zaileko galdera iruditu zait eta azkenean galdera bukatutzat eman dut bihotzera heldu naizen unean. Bihotza da bizitzen ditugun sentimendu guztien aterpea edo nola baiteko etxea, bertan geratzen zaizkigu gordeak mota guztietako bizipenak eta zerikusi ikaragarria duela iruditzen zait gure eguneroko moral indarrean.

Egoera zailak bizi ditugun momentuan harrapatzen bagaituzte eguberriek nahiko egun gogorrak bihurtuko zaizkigu eta normala da, baina guztia ongi doakigun unean heltzen bagara gabonetara zergatik ala ere sortzen zaigu tristura puntu hori? Lehen aipatu dut bihotzean gorderik gelditzen direla sentimenduak, hortaz seguru nago eta ezbeharrak bizi ditugunean zauriak geratzen zaizkigu, baina zauri haundienak gertuko norbait ondotik desagertzean uzten digu. Denbora igaroaz doan moduan zauriak sendatuz joaten dira baina zauriaren seinaleak hor geratzen zaizkigu betirako itsatsirik eta eguberriak bezalako egunetan zaurien marka horiek hainbat oroitzapen ekartzen dizkigute, haseran aipatzen nuen melankolia puntua sortuaz.

Honentzako ez dakit sendabiderik dagoen, ez zait iruditzen, baina eguberriak ahal bezain ongi igarotzeko agian hoberena ondoan dugun edo ditugun pertsonez gozatzea izan daiteke.

Eta zuk, nola duzu bihotza?


Nire blog pertsonala: ibarzabaltxokoa 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide