Duela astebete ezinezkoa zirudien gaur geure begi-aurrean gertatu denak. Mirari bat kontenplatzeko zortea izan dugu Dinamora gerturatzeko ausardia izan dugunok, altxatu baitizkiogu teloiak Euskal Antzerki Topaketei. Hogeita hemezortzigarren aldiz, bada zerbait. Euskal antzerkiaren plaza bihurtuko da gure herria beste behin, aurpegi berriz, berritasun ugarirekin, baina euskara hutsean sortutako piezen luxuzko erakusleiho beharrezkoa izateko konpromiso irmoarekin. Pandemia eta ziurgabetasun egoera ororen gainetik, kulturak gizartean toki pribilegiatu bat behar duela aldarrikatuko digu beste behin antzerkiak, narrazio dramatikoak, hitz gorpuztuak. Hezi egiten baikaitu kulturak, gizakion harreman komunak kodifikatzen ditu eta komunitatearen sena indartzen du guztiongan, eszenatokiak eskaintzen digun plazan gizartearen kezkak, nahiak, goseak eta miseriak argitaratzen baitira, fokuen misteriopean.
Hiru astez dastatzeko aukera izango dugun menu zabala irekitzeko, Iraia Elias eta Amancay Gaztañaga hurbildu zaizkigu ostegun arratsaldez Dinamoko oholtza intimora. Bikote komiko klasikoen antzera, pieza bizi eta dinamiko bat eskaini digute zarauztarrak eta zestoarrak. Tip eta Coll edota Lodia eta Iherraren antzera, bataren txikitasuna zein bizitasuna modu ezin hobean dator bat bestearen altura handixeagoarekin zein izaera ixilagoarekin eta oharkabekoarekin. Boteprontoan burura datozen bikoteak, maskulinoak... Zergatik ote? Bi emakume, gizon jakintsuen gorputz eta jaka pisutsuetan barna hitz egiten. Prejuizioz eta ustekeriaz beteriko jaka haustuetan gordetzen dute gizartea ustez gorenera eraman duen maskulinitatearen sekretua. Helburu batez heltzen diote piezaren zimentuei: erlatibitatearen teoria medio, munduaren funtsa azaltzea. Emakumeak, trabatzat eta ezkutatu beharreko oztopotzat tratatu dituen mundu bat azaltzea dute zeregin 40 minututan. 40 minutu baitituzte publikoa txunditzeko.
Matriuska errusiarren metafora ezin hobekiago darabilte obran zehar. Izan ere, barnean bera bezalako pieza ugari daramatzan panpin errusiarraren irudiak ederki deskribatzen du emakume ororen izana. Mata Hari, Heidi, Maurizia, Virginia Woolf, Marylin Monroe, Chavela Vargas edota beste edozein emakumeren arimak barnean dituen entitate konplexua baita emakume oro. Oinordekotzan, sexu femeninoaren eskubideen alde, beren lekua aldarrikatzen lanean jardun dutenen indarra jasotzen duten gizaki komunitarioak dira. Obran zehar Amancayren pertsonaiak dioen moduan, "emakumeak bere espazioa behar du, bera izateko lekua eta arnasa". Gauza gutxi gehitzeko. Begirada masiboek ez dute erraz lixatuko antzerki obra fresko eta beharrezko hau. Zorionak, sortzaile biei, eta jarrai beza mirariak Azpeitian, birus madarikatuak mundu zerutiarretik kolpez jaisten gaituen egunera arte!