Boteprontoan

Topaguneak

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2021ko aza. 9a, 08:08

Ignacio Arakistainek 2021eko urriko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Irudipena dut herri baten nortasunak beharrezkoak dituela topaguneak bere iraupena bermatu ahal izateko. Indibiduo bakoitza, bere pentsaera eta moldez gerturatuta, kolektibo baten parte sentitzen baita topagunean. Izarraitz magalean badakigu horretaz zerbait, hetereogenoa den herri honek aurkitu ditu-eta azken hamarkadetan elkar sentitzeko gune eta uneak. Sanagustin kulturgunea, zeinak aurten 10 urte bete dituen, epizentroa da azpeitiarrontzat. Memoriak argazki ugari ditu bertan, eta gure mugetatik haratago, kultura sortzeko, bizitzeko eta dastatzeko modu baten ikur bihurtu zaigu, errezeloak errezelo, guztion etxea dena.

Defendatu izan dut kulturaren botere eraldatzailea, urrun daudenen largabista izan daitekeela; elkar hobeto ikusteko, enfokatzeko tresna. Enkoadraketa zabaldu beharra dugu, begien ertz guztietara mugituz ninia, iritzi arrotzak gure objektibora gerturatuz. Etorkizuneko argazkiak ezin du lausotasunik eta islarik izan. Batzen gaituzten lekuak esploratzen jarraitu beharra dugu, beraz. Intentzio horrekin heltzen diot orriotan hausnarketak partekatzeko erronka berri honi.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide