Salvador Daliren 'Oroimenaren iraupena' koadroaren erreprodukzio bat.

Ignacio Arakistainek 39. Euskal Antzerki Topaketak ireki dituen Tempus Fugit antzezlanaren emanaldiaz idatzi duen kronika da hau. Iaz bezala, aurtengo Topaketetan taularatuko dituzten lanen kronikak idatziko ditu Arakistainek Uztarria.eus-en.

Antzezlan bat sortzeak badu koadro bat pintatzearekin antzik. Zentzu guztiak zure lanean jarriko dituen horri zer eskaini nahi diozun erabakitzea eta adierazi gura denari forma eta estruktura bat ematea bi zereginetan da ezinbestekoa. Kolore gama aukeratu, pintzelak eta brotxak eskuartean hartu, eta mihise zuria sortzaileari barnetik ateratzen zaizkion inspirazio kolpez betetzean datza guztia. Abstrakzioz, surrealismoz ala inpresionismoz blaitutako lanak izango ditu ikusgai Soreasu antzokian udazken betero kokatzen den euskal antzerkiaren museora gerturatzen denak. Proposamen ezberdinak, ikuslegoaren gozagarri. Ostegun arratsean ireki da beste urte batez erakusketa, jendaurrean primizia hutsean erakutsi den artelan batekin, Ze onda taldearen Tempus fugit lanarekin, hain zuzen.

Mundu piktorikoan barneratu naizen honetan, antzerki obra ikusten ari nintzen bitartean burura etorri zaidan Salvador Dalí margolari kataluniarraren Oroimenaren iraupena pieza aipatu nahi nuke. Guztioi zaigu ezaguna izotz koskorrak bailiran urtzen diren zenbait erlojuk osatzen duten konposizio surrealista. Horretaz zihoan, hain zuzen, XXXIX. Euskal Antzerki Topaketak ireki dituen obra: denboraren izaeraz, esanahiaz eta portaeraz, memoriak guztiongan duen garrantziaz eta gure gorputza gidatzen duen pentsaeraren, gidari den burmuinaren, indarraz. Ezin daiteke esan margolanaren bozeto iniziala txarra denik, baina exekuzioa beste kontu bat izan da. Gauza gehiegi marraztu nahiak, tapizean lekurik gabe utzi du sortzailea. Eszenatokiaren zentroan kokatuta zegoen poliedro moduko bati videomapping bidez bizia eman nahi izatea interesgarria iruditu zaidan arren, aktorearengan inpostatua zirudien testu desartikulatu batek indarra kendu die gai interesgarri baten baitan jaurtitako pintzelkadei.

Transzendentziari buruz mintzo zen lehen jardunaldi honetako pieza amaieran. Lanean zehar ere nahi izan du sortzaileak, erreferentzia sozial ezagunen artean, gai mardulei buruz hitz egin. Ez da batere erraza, ordea, ekilibrio justua topatzea ataza horretan. Freddie Mercury, Goyaren margo ilunak, Donostia eder eta lirainaren irudiak edota Waynen western erreferentziak gizakion hauskortasunaren edota bizitza eta heriotzaren arteko koska nimiñoaren aferekin batera koktel-ontzi berdinean sartzean, jakitun izan behar zara errezetak bereak dituen kantitateez eta proportzioez. Aitortu beharrekoa da, hala ere, elementu desberdinen batuketatik, dokumentalaren errekurtsoa medio, zerbait berritzailea egin nahi izana. Badute artelana ukituz ukitu hobetzen joateko aukera.

Datozen egunetan ere Topaketek bere baitan hartzen duten pinakoteka aberats eta erakargarri horretan topatuko garelakoan, beste urte batez bertan erakutsiko diren piezen kronika labur eta pertsonalak idazteari ekin diot. Guztien gustukoak izan gabe ere herritarren interesa piztuko dutelakoan, horiek hain maitea dugun antzerkira gerturatzeko elementu gisa erabili nahiko nituzke. Beren funtzioa beteko dutelakoan, animatu antzokira!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide