Rene Magritten 'Los amantes' margolana.

Ignacio Arakistainek 39. Euskal Antzerki Topaketen barruan eskainitako Amua antzezlanaren emanaldiaz idatzi duen kronika da hau. Iaz bezala, aurtengo Topaketetan taularatuko dituzten lanen kronikak idatziko ditu Arakistainek Uztarria.eus-en.

Esan ohi da, gehiengoak uste duenaren aurka, komedia bat eraikitzea drama bat zutik jartzea baino zailagoa dela. Barre algarak eragiteak ikuslegoaren iritziz arina eta erraza dirudi, baina funtzionatuko duen irri eragile bat martxan jartzea ez da eginkizun makala. Azpeitiko ikuslegoak aski ezaguna du Fuchs anaien lana, Artedrama eta Dejabu konpainiekin noizean behin sortzen dituzten pieza monumentaletan ikusi ohi baititugu, oholtza gainean ala zuzendaritza zereginetan eta Axut! taldearen baitan hainbat lan nabarmen ondu baitituzte, duela urte pare bat bi anaien artean aurkeztutako Zazpi senideko, besteak beste. Gaurkoan, Amua izeneko komedia sentimental politikoa ekarri digute oholtzara, Maite Larburu biolin-jotzailearekin elkarlanean. Dramaren putzutik elikatzen diren pieza ugari sortu dituen taldea –gogoan ditut Francoren bilobari gutuna ala Zaldi Urdina indartsuak–, komediaren mundura gerturatzeko saiakeran. Proposamen interesgarria, inondik inora ere.

Beti da aurkezpen txartel ona antzezlan batentzat Fuchs anaien sinadura baina ibilbide emankorrak ikuslearengan espektatiba altuak ere ezartzen ditu. Amuak motibo zentral bat du, maitasunarena bezalako tema unibertsal bat. Zientoka antzerki obra, pelikula eta kanten bitartez jaso ditugu maitatzeari eta maitatua izateari buruzko gogoetak, agortzen ez zaigun ezinegon bat elikatuz. Berez funtzionatzen duen gaia umorez eta zuzeneko musikaren laguntzarekin berrinterpretatu nahi izan dute Axut! taldekoek. Umorearen pisua Ximunen pertsonaia lar eszentrikoarengan ezartzeak, ordea, taldearen komikotasun orokorrari indarra kendu dio. Larbururen musika gozo eta finaren baitan komedia puru bat ontzea zaila da eta gaurkoa gozotasun sentimentaletik garraztasun komikotik baino gehiago duen pieza dela deritzot. Bestalde, iruditzen zait proiekzioen erabilerarekin, argiteria lan finaren bidez eta soinuaren errealizazioarekin, istorioan zehar aurkitzen diren puntu geldoak orekatzen saiatu direla.

Zenbaitetan ulergaitza zen testuak eta bi pertsonaia maskulinoen arteko dezibelio trukaketak, zaila egiten zuen istorioaren muinean sartzea. Intentzio estetiko fin bat hor zegoen, musika instrumentuen zein pantailako irudi hipnotikoen eta eszenak zatikatzeko esaeren erabilerarekin, baina istorioaren aulkiak falta zuen oinen bat sostengu. Larbururen aktore lanak ere alboan zituen eskarmentudun antzezlarienarekin talka egiten zuen, bere erritmoa eta beste biena bat ez izatea probokatuz. Esan dudan moduan, gozoki eta mimoz landutako pieza bat da Amua baina biribiltasun puntu hori ukitzetik urrun dago. Komediaren urak beti dira zakarrak eta antzezlanean zehar entzundako algara kopuruak garbi utzi du dramaren kodigoetatik gertuago zegoela lana.

Umiltasunetik eta samurtasunetik, maitasun hitzak ahoan dituzten pertsonaien nondik norakoak azaltzen dituen obra aski elegantea da, hala ere. Larbururen ahots ederrak eta eszenaratze txukunak, ikuslegoari tarte ezti bat oparitzen diote, hausnarketara gonbita luzatzen duen galdera bat jaurtiz airera: maitasunaren izenean, zer egiteko gai izango zinateke?

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide