Egon behar zenuke garaiotan, irakurle, trastelekura bueltaka. Bertan gorde ohi dugu festarako beharrezkoa den guztia, izan danbor, mozorro, amantal edo txapel. Beren unea noiz iritsiko zain daudela, irrikaz iratzartzen ditugu hauts artetik poztasunaren erlikiok, beren konpainian oroitzapenak fabrikatzen jarraitzeko ilusioz. Aspaldi honetan, ordea, egutegiei agortu ei zaie tinta gorria, koronabirusak lapurtu baitigu bestarako beta. "Lan egin duenak ongi merezia du jaieguna", esan ohi da. Gehituko nioke, sufrimendua pairatzen duenak ere beharko lukeela izan noizbait zoriona. Kolore desberdinetako herritarrok batzen gaituzten okasioen faltan, nola eraiki herri sena?
Esan ohi da herri bateko jaiak bertakoen izaeraren isla fina direla. Azpeitiarrok gainean daramagu kopiatzaile merke fama. Egiatik urrun ez dabiltzan arren, zenbaiti esango nieke ukitu pertsonala emanez geure egin ditugula mugez haratago sortutakoak. Bagara festazale, eta bi urteren bueltan, badugu jai gosea asetzeko premia, festarik gabe jai baitugu garena ospatzea plazer dugunok.