Keinuz eta hitzik egin gabe, horrela helarazi behar izaten zaio proposatutako kontzeptuaren esanahia lagunari imintzioen jolasean. Sare sozialek diskurtsoei hesiak jarri dizkieten garaiotan, zure argudioak azaltzeko soilik lerro kopuru jakin bat duzunean, akzioa eta keinua dira hitzaren galeran garaile. Azken egunotan Espainiako politikan gertatutakoa azaltzeko elementurik aproposena iruditzen zait imintzioarena, ideiak eta joerak imitatzearena, horrexek eraman baitu, nire ustez, Pablo Casado amildegira. Espazio erabat polarizatuan alderdi popularreko burua ez da gai izan kokaleku propio eta finko bat ezartzeko, eta azken hiru urteotan imintzioz, isekaz eta handikeriaz bere boto zakuan zulo nabarmena eragin dion eskuin muturra imitatu du, bidean bi alderdien antzekotasuna sendotzen eta babesten duten buruzagi arriskutsuak sortuz eta horiek mimatuz.
Sigmund Freud psikoanalisiaren sortzaileak ongi azaltzen zuen moduan, Casado ere aitari itzala egin nahian zebiltzan bere seme-alaba politikoek hil dute, politikagintzan ohikoa den operario fratrizida burutuz. Horiek ikusgarritasuna eskaintzen dieten buruzagitza instituzionalak ziurtatuta dituzte, eta botere eraginkorrik gabe aurkitu den oposizio buru ahula kaleratu dute. Ez da erraza, inolaz ere, oposizio lan trebea eta zuhurra gauzatzea. Are gutxiago, lehen momentutik aldarte horretara bultzatu zaituen zentsura mozio demokratikoa onartzen ez baduzu eta gobernuari zilegitasunik aitortzen ez badiozu. Irteerako atea jada zabalik duen buruzagi popularrak Diputatuen Kongresuan gobernuak bozketak aurrera ateratzeko osatua duen gehiengo anitza hautsi egingo zela uste zuen, Sanchez hauteskundeak deitzera derrigortuz, 2019an ERCk aurrekontuak onartu ez zituenean gertatu zeneko antzera. Lortu zuten ia lan erreformaren proiektua gobernuari modu traketsean eta zekenean zapuztea. Une hartan balantza gobernuaren alde kokatu zuen diputatuaren akatsa gertatu izan ez balitz, ez leudeke Genova kalean dauden moduan. Keinu erabakigarri bat, beste behin.
Irudi zehatz batekin, nola ez, jarri zen martxan eskuineko alderdien erradikalizazioa eta zokoratzea. Orduan ere, keinuaren garrantziak alderdi sozialistari bi hauteskunde garaipen oparitu zizkion, Madrilgo Kolon plazan eskuin muturra taula gainera gonbidatzea garesti atera baizitzaien jada desagertze bidean dauden Albert Riveraren alderdikidei zein Casado beraren taldekideei. Irudi hura bultzatu zutenetatik postuan dirauen bakarra eskuin muturreko buruzagia da. Imitazioak horixe du krudela, nahiago izaten dela finean originalaren esentzia, kalkoaren desoreka eta ahultasuna baino. Gaztela eta Leongo hauteskunde kanpainan ere garbi adierazi zen popularren azken hilabeteetako ezinegona eta urduritasuna. Hogeita hamabost urtez gotortua izan duten eremuan, inkestek gehiengo osoa aurreikusten zieten, baina kopuru horretara iristeko hamar boz beharko dituzte azkenean. Moncloarainoko alfonbra jartzeko zuen presak bultzatuta deitutako hauteskundeak Casadoren hil-kanpai bihurtu dira.
Nioen aitzinean, gestikulazio handiek ondoratu dutela bere proiektua. Diskurtso oldarkorrek eta fatalistek ez diote lagundu inolaz ere politikagintza modu gogorra eta desatsegina ezarri nahi izan duen buruari. Terrorismoaren zaurien erabilera, gobernuaren ekintza oro judizializatzea ala Kataluniako egoeraren aurrean erakutsitako mespretxuzko jarrera izan dira Casadoren etapa ongarritu duten ezaugarrietako hainbat, imitatzaile eskolan ohorezko matrikula eskuratu duten zenbait fitxaje ahaztu gabe. Bera joango da, baina datorrenak erantzun egin beharko die jada aseezina bihurtzen ari den popularren portzio fanatiko eta muturreko horren eskaerei. Albiste beldurgarria izango litzateke demokraziarentzat alderdi popularraren krisi honek eskuin muturra oposizioko lehen alderditzat kokatzea. Inboluzioa saihestu nahi duenak utzi beharko ditu alde batera plantak eta itxurak, denen onerako imintzioak baztertuz eta berreskuratuz hitzaren zentzua.