Boteprontoan

Europaren bihotzean

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2022ko mai. 7a, 08:10

Gerraren kontrako eta Ukrainaren aldeko manifestazioa Vienan, joan den martxoan. (vienadirecto.com)

Ignacio Arakistainek 2022ko apirileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Herritik urrun aldizkarirako idazten ditudan lehen hitzak dira hauek. Herritarrekin nire istorioak partekatzea modu paregabea iruditzen zait milaka kilometrora egonda ere lotura mantentzen jarraitzeko. Iragan inperialak bazterrak eraikin izugarriz bete zituen hirian, idolotzat ditudan zenbait musikariren lanaz gozatzen ari naiz zuzenean eta gertutik. Nahitaezko geldilekua baita Viena musikaren munduan entzutetsua den edonorentzat. Egunotan, ordea, Europaren bihotzean dena da kezka eta ezinegona.

Azpeititik Alacantera dagoen distantzia bera dago Austriatik Ukrainako mugara. Eslovakia pasatuz gero, lazturarekin aurrez aurre topo egiten du batek. Ugariak dira hirian manifestazioak eta ekintzak, vienarrek presente baitute oraindik 1945ean hiriak jasandako okupazioa. Berlinen antzera, aliatuek hiria hartu eta zatikatu egin zuten 1955ean, Estatu Itunak berriro batu zuen arte. Pandemiaren hondarrean etorria nintzela eta, gogoz ekin nion jardunari, baina munduaren egoerak berriro goibeldu nau. Garai ilunotan, Beethovenek musikatutako Schillerren hitzei heldu beharko: "Seid umschlungen, Millionen!" (Besarka zaitezte gizakiok!).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide