Boteprontoan

Bi urte

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2022ko uzt. 13a, 08:25

Juan Jose Arakistain 'Pino' eta Ignacio Arakistain. (Utzitakoa)

Ignacio Arakistainek 2022ko ekaineko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Bizitza agur esaten irakasten dizun eskola da. Beti zaigu garratza etapak, uneak, lekuak, amodioak atzean utzi eta bizitza deituriko igarobide lineala eta errepikaezina aurrera doala frogatzea. Are gogorragoa da, ordea, maite dituzun horien presentzia fisikoaz gehiago gozatuko ez duzula onartzea. Ez baita samurra bideko mugarriei testigu garrantzitsuak faltako zaizkiela onestea, ospakizun mahaiei eskuzapiak kentzea. Eguzkiak udaberriko azken egunak blaitzen zituen heinean itzali zitzaizkien indarrak duela bi urte zure beso beti prestuei. Bai, aita, zuri eskaini nahi dizkizut lerrook, Vienako logelan dudan bion argazkitik irribarre samurrarekin begiratzen didazun bitartean.

Atzean uzten duzunak definitu ohi du zure trabesiaren helmuga. Agurrerako tarte onik ez den arren, ziur naiz egin beharreko ugari kitatuta hartu zenuela lur. Sufrituz eta gozatuz, igotzea egokitu zitzaizun malda orok izan baitzuen ondorenean jaitsiera gozo bat. Agurrean zuzendu nizkizun hitzek gaurkotasun erabatekoa dute maite zaitugunongan, zure lagunak gure adiskide bihurtu baitira eta zure egin nahiak gure egin beharreko. Geure bidea egin genezan eskainitako erremintekin eta zure oroimen biziarekin jarraituko dut umil eskola amaigabean barna.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide