Udako gauen magia, musikari gazteen talentua, eta herritarrentzat ezagunak izan arren, eszenatoki gisa berriak zaizkien txoko bereziak. Elementu horiek batuz ondu genuen pasa den uztailean Udako musika printzak kontzertu zikloa. Betidanik iruditu izan zait garrantzitsua kultua ala klasikoa deituriko musika auditorio hertsien paretetatik aldentzea eta kalera ateratzea. Gizarteari arrotzak gatzaizkiola diogu beltzez jantzitako interpreteok sarritan; behar genukeela jendea erakarri, zurruntasunak hautsi eta entzulearengandik banatzen gaituen hesia erautsi. Esku artean izan ohi dugun materialaren kalitatea goratzea eta horri balioa eman nahi izatea; horixe izan dezake ponpa horrek guztiak atzean.
Gauzaezinak diruditen ideiak momentu ahaztezin bihurtzeko lanean jardun duen oro eskertu nahiko nuke. 180 urte betetzear den Albergako garbitokia apaindu eta aurpegiz aldatu zuten langileei, beren gaitasunak ikusleei oparitu zizkieten musikariei zein horien proposamenak esker onez jaso zituen ikusle fidelari, eskerrak bihotzez. Iaz zein aurtengoan antolatutakoek izandako erantzun onak erabat asetzeaz gain, herriko altxor gehiago atontzen jarraitzeko gogoa pizten dit. Ez baita herritarren aurrean gau izartsu bati kantari aritzea bezalakorik.