Boteprontoan

Zaharrak berri

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2023ko ots. 10a, 08:22

(Argazkia: Pixabay)

Ignacio Arakistainek 2023ko urtarrileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Badirudi lotuak ditugula egutegi berriak horman eskegitzea eta etapen hasiera. Atzean uzten dugun urteak gugan eragindakoak memoriako ganbarara bidaltzeko desiraz itxaron ohi dugu urtarrileko orria, hamabi hilabetekoa kaskarra izan denean batik bat. Kasu honetan, badaramatzagu ia hiru urte luze amaitzen ez den orri beltzez jositako segida honi konpultsiboki kapituluak ezabatu nahian. Pandemiaren aleei gerraren sailak jarraitu zion, eta konflikto belikoari inflazioaren matrakak. Azken bi egutegi aldatzeek gehiago izan dute tramitetik benetako aro berrien hastapen itxaropentsutik baino.

Urte zaharrari minutuak agortzearekin batera utziko diote zenbaitek erretzeari eta helduko diote beste hainbatek kirola egiten hasteko iraungitako promesa hari. Izango da tartean dieta exotikorik abiatuko duenik ere, udako egunak gertuago ditugula argudiatuz. Guztia izango da asmo on eta promesa, lehendik dugunak asetuko ez bagintu bezala. Finean, irekitzen zaigun ziklo berri orok nahi dio iraganari libreta irakurri, etxeko lanak jarri etorkizun freskoari. Inertziei ihes egitea, ordea, nekeza da, eta jarraituko dugu sumatzen berrienetan ere zaharraren usaina.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide