Boteprontoan

Usadioak babesteaz

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2024ko mar. 14a, 09:00

Lasaokoen santa eskea. (Utzitakoa)

Ignacio Arakistainek 2024ko otsaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Zorion irakurle on denok, oles egitera nator. Sukaldeko paretan eskegi berria genuen egutegiari jada lehen orrialdea kenduta, usadio zenbait biltzen dituen hilabetea datorkigu: otsaila ala barantaila. Negu betean igaroa, hamabietatik motzena den hilak aukera ematen digu belaunaldiz belaunaldi ezarritako tradizioei hautsa kendu eta berrikuntzak gehituta, berauek indartzeko. Kandelaria eguna hilaren bian, anis usainarekin San Blas opila hiruan eta Santa Ageda eskea jarraian. Guztia borobilduz, Garizuma aurretik ohikoa zen katarsi pozgarria irudikatzen duen karnabal giro koloretsua. Betea agenda, alajaina.

Belaunaldi aldaketarekin, boluntario lanetan hutsune nabarmenak sumatzen ari dira gisa desberdineko elkarte askotan. Festari eta ospakizunei loturiko ekintzek berme garbiago bat izango dutela uste dezakegun arren, oinarria laborantzan eta artisautzan duten ekimenek garai zailak dituzte aurretik. Baserriz baserri lurra kolpatuz eginiko eskea, opilak etxeko errezetarekin egitearena edota eskuz egindako jantziak inauterietan plazaratzea. Guztia, zoritxarrez, kolokan. Babestu ditzagun erroak, garen horren sustraiak, sendo hazi daitezen kimu berriak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide