Gorazarre egin nahi nioke hil berri zaigun Uztarriari. Idatzi nolabaiteko nekrologia nostalgiko bat. Bere ibilbidea goratzen duen epitafio epiko bat. Ia kinta berekoak izanik –aldizkaria 1999koa eta neu 1998koa–, kolpatu nau biziki hilotzak. Dena izan ohi da laudorio bihotza gelditzen denean. Zerraldoa ixtear, orduan gara galtzen dugun horren balioaren jakitun. Gure kasuko, ordea, jaiotza berri bat dakar lurperatze goiztiarrak. Nolabaiteko transmutazio bat. Izan ere, eboluzioa prozesu orotan da beharrezkoa eta zidor horretatik heldu berri zaigu Guka.
Mantendu beharko ditu, hala ere, marka berriak orain agurtzen dugun lagunaren balioak. Kalitatezko zerbitzua, euskararen hauspotzea, tokiko komunikazioa eta beste. Dibisio eta filia oro gaindituz, herria herriago egin ei duen elementua behar luke izan argitara atera berri den kreaturak. Ahaztu gabe izan zuela arbaso sendo bat, zeinak utzi zigun herritar zenbaiti gure lumaz bere orriak marrazten eta komunitatea saretzeko katebegiak eskaintzen. Arin bekizu, Uztarria, almazeneko kaxa arteko hautsa eta azpeitiar malenkoniatsuon memoria hauskor eta eskergaitza.