Boteprontoan

Fobia errutinatsua

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2024ko urr. 25a, 16:00

(Irudia: Pixabay)

Ignacio Arakistainek 2024ko iraileko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Bada orainaldiari ikara moduko bat dion jendea. Iraganaren nostalgiaz elikatuz ala etorkizun gosez dabilen jendartea. Denak orain eta hemen kontsumitu beharrekoa dirudien garaiotan, ez dira ohikoak momentua, istant jakin bat eta bakarra, sare sozialetarako izozteaz gain, bizitzeko eta zukutzeko gai direnak. Errutinara itzultzeak sortzen dizkigun nagi pisutsuek eragin nabarmena izan ohi dute asteak pasatu eta atseden uneak oparituko dizkiguten opor berriak iritsi nahi izatean. Esperoan galtzen dira, ordea, bizitza aparrak.

Suzko erroberez atondutako foroak dira diodanaren ispilu fidel. Ezereza dirudite hamar orduko hegaldirik behar ez duten bidaiek, ezereza Michelin izarrik gabeko jatetxeek. Jada ez da benetako ezkontzarik, ez bada harea zurizko hondartzetan ala jauregi dotoreen aterpe loreztatuetan ospatzen. Guztia ponpa, purpurinadun egun seinalatuen betierekotzea. Ba ote da, baina, lagunarteko ardo soil baten, lanaldi gogorraren osteko bainu freskagarriaren edota maite dituzunen irribarre errutinatsuaren indarraren parekorik? Horiek, bai, markorik beharko ez duten argazki biziak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide