Tonu politean ekin diegu 42. Euskal Antzerki Topaketei. Pasa den asteburuan, zubi usainak bultzatuta edo, jende andana bertaratu zen Soreasu antzokira, eta bigarren asteko lehen jardunaldian ere, Dinamoa sormen guneko eserleku guztiak ikuslez lepo ikusi ditugu. Pozgarria da herriko zein inguruko zaleak antzerki gosez direla frogatzea. Jada etxekotzat jo dezakegun aktore bat atzokoan agertokian. Izan ere, azkeneko urteetan, azaro bakoitzero azpeitiartu zaigu Jon Ander Urresti bizkaitarra. Aurkeztu dizkigu bakarrik edo hainbat konpainiaren aterpean zenbait lan, eta beti iruditu izan zait ekarri izan duen oro erakargarria eta sozialki konprometitua. Nabarmenduko nuke, bart ikusiarekin lotura zuzena duelako, bere familiaren baserriaz ondu zuen Tribiz, baserri galdue oda teatrala. Orduko hark eta orain biran darabilten Eukalyptus lanak son bera dute, patroi beretik moztutako bi jantzi galant dira. Bertakoarekiko atxikimendu gero eta apurragoa, landa eremuaren egoera kezkagarria, kapitalak gizarteari eragindako arrakala andana. Aipatu gisan, bazen eta bada Urrestirengan teatroa hausnarketa foro komun bilakatzeko asmoa.
Horretarakoxe aurkeztu zuen jada urtebete oholtza gainetan dabilen lan hau duela pare bat urte Durangoko Azokak deitutako sormen bekara. Prozesu artistiko bat garatzeaz gain, teatralizatzeko zaila zirudien gai bati heldu nahi izan zioten Urrestik eta piezan lagun duen Beñat Urrutia dantzariak. Aise lortzen du hein hori lanak. Gaia arrotza, ezezaguna edota axolagabekoa zaionak ere garbi ulertzen du eukaliptoaren landaketek erakarritakoa eta espezie exotiko deituek bertakoa triskatzeko duten joera eta boterea. Denona-edo omen den natura horretan banaturiko lerro zuzen amaigabe horiek oholtzara nola inportatzen pentsatzen hasita, kontzeptu abstraktua baztertu, eta lanaren pisu eszenografikoa argi haga moduko elementu sinple bezain efektiboen esku uztea erabaki zuten. Koloreen aldaketek, argiaren ñabardurek edota haga horiexek altuxeago edo baxuxeago kokatzeko dituzten aukerek guztia azaltzen dute: intsinis pinua zena eukalipto bihurtu du mugimendu soil batek; berdea zen basoa txingar gorriz jositako sute bat, kolore aldaketa azkar batek. Ez dira ugari gure lurretan argiaren lanketa eszenografiko gisakoa burutu izan duten taldeak. Elementu gutxi, errekurtso zenbatuak; baina beraien erabilpen neurtuak are aberatsago egiten dute konjuntoa.
Berdin gertatu zitzaidan protagonistak kantatutako koplekin. Irudi lezake isilunea betetzeko elementu, baina kantuaren erabilerak bi gauza batzen eta eskaintzen dizkio ikusleari: letraren esanahiak kontatua eta estetikoki kantaren edertasun propioa. Zaharrak berritzeko asmo horretan, lanabes hainbaten laguntzaz abesten zuen Urrestik bere lan pertsonal hartan. Kantua presente zen han, hemen ere bai. Urrutia lankidearekin elkarlana ere azpimarratzekoa da. Dantzaria izatez Urrutia, nabari zaio bai taula zapaltzerako freskotasun eta inozentzia teatral bat. Aurrez aurre, batuta narratiboa daramana; binomioa xelebrea, eta, aldi berean, funtzionala eta erakargarria. Soinuarekin ere baliatu dute urritasuna urre bihurtzearen zera hori. Walkie parea soinean, etengabea da ahotsaren proiekzio naturalaren eta bozgorailutik ateratako soinu distortsionatuaren arteko konbinazioa.
Arestian aipatu bezala, lan bikaina atzokoa. Lortzen baitu ikusleari mezu garbia helaraztea –eukaliptoaren zabalkundearen aurrean, zaindu ditzagun gure basoak–, errekurtso paleta murritzarekin eszenikoki funtzionatzen duen pieza altxatzea, eta dramaturgikoki proposatutako joko eta eszenaratzeek publikoa erakartzea. Gutxirekin asko, beraz!