Eskola antzerkiak Soreasu antzokiko agertokira jauzi egin duen aste berberean, gure herriko beste eszenatoki bat konkistatu dute Euskal Antzerki Topaketek. Izanak ziren, bai, hainbat antzerki emanaldi Gaztetxean, udaletxeko egurrezko soto zoragarrian edota Frontoi Txiki altzoko plazatxoan –edizio honetako beste nobedadeetako bat. San Martin egoitzara, baina, iritsi gabe zeuden oraindik euskara hutsean egindako antzerkigintza hauspotu nahian sortutako jardunaldiak. Aipagarria eta txalogarria, eta beraz, mantendu beharrezkoa iruditzen zaidan berrikuntza. Gizarteko arlo eta talde desberdinek topatu baitezakete ispilu bat teatroan. Adin, maila sozial ala genero, guztiak batzen ditu dramartugiaren fantasiak. Kezka eta gai ezberdinak azaleratuz, antzerkiak argiak pizten diren bakoitzean erakusten dizkigu geure bizitzaren kontraesan ezkutuak, sendatu gabeko zauriak eta arrakala emozionalak. Eta zein hobe laugarren pareta horri so egiteko, bidaia bital luzea egin ostean, esperientziaren talaia etxe duten horiek baino.
Dantzertin –Euskal Herriko arte dramatiko eta dantza eskola– bere ikasketak amaitu berri dituen Gontzal Royuelak sortutako Zimurrak lana izan genuen San Martin egoitzan ikusgai. Egoiliar andana bertaratu zen egongela gisa erabili ohi duten ekitaldi areto inprobisatura. Erizainak, familiartekoak zein kuriositateak jota joandako herritarren bat edo beste, guztiok ginen plaza berri honek eskainiko zigunaz gose.
Royuelak proposatutakoa, interesgarria bezain gordina izan zen. Interesgarria, dramaturgia modu ez hain formalak baliatu zituelako kontatu nahi zuena eszenaratzeko. Objektuen manipulazio narratiboan eta maskara espresibo baten erabileran zentratu zuen akzioa. Aktorearen ahotik ateratako hitzik ez, beraz. Diskurtso amaigabeen lurralde moralista batean igeri egitera behartuta sentitzen garenontzat, imintzioa eta keinua lan erreminta dituen pieza bat ikustea aire freskoa arnastearen antzekoa da. Hautu egokia, alajaina. Kontran, baina, gordinegia iruditu zitzaidan lana bera, edukiontzi zuen espazioa kontuan izanik. Bere urtebetetze festa ospatzeko prestakizunetan dabilen gizon batek egiten dio ikusleari harrera. Delako Luis sudurluzeak azalduko digu obran zehar bazuela familia zoriontsu bat, maite zuen azukre pakete baten forma hartuta agertzen den emakume bat eta kanela adartxo plantarekin Parisera ikastera doan alaba gazte bat.
Sukaldeko elementuen erabilera ikusi artean, ondo. Kontua denboraren poderioak okertzen du. Azukre paketearen isuriak, emaztearen heriotza irudikatzeko. Pipermin potoaren agerraldia, alabak senar frantsesa topatuta, aita bakarrik utziko duela adierazteko. Ongi ekarriak jokoak, eta ziur aski aberatsak berauek atzean zituzten hausnarketak eta galderak. Nola egin aurre bakardade inposatuari? Zahartzaroa bizitzaren deseraikitze progresiboa ote? Ikuslegoan presente zeuden aiton-amonek ezagunak dituzte antzerki piezak aurkezten zituen gatazkak. Metafikzioaren ideia etorri zitzaidan burura. Adinaren afera, adinaren erruz –edo beroni esker– bizitzaren azken etapak zeharkatzen lanak dituztenei azalduta. Gazi-gozoa, finean, San Martin egunez izen bereko egoitzatik ateratakoan izaniko aho zaporea. Bueltatu beharrean dira Topaketak herriko helduenei bisita egitera, baina eskaini behar diegu beraien egunerokotik at bidaiatzera eramango dituen istorioz jositako menua.