Boteprontoan

Zilarrezko lehen ezteiak

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2025ko ots. 25a, 08:24

(Irudia: Pixabay)

Ignacio Arakistainek urtarrileko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Historia kontatzean, erabili ohi dira erdi, laurden eta gisako parametroak denbora kotatzeko. Gertaera ur jauzidun baten olatuetatik, historialariak atera ei ditu perlarik esanguratsuenak, liburuetan betierekotzea merezi duten datuak, pertsonak eta istorioak. Istorioek egiten baitute historia, finean. Estreinatu berri dugun hamabi hilabeteko berriak mendearen lehen laurdena itxiko du. Balantze urtea, kontuak eguneratzekoa, XXI. mendearen lehen zilarrezko ezteiei nolako zukua atera diegun aztertzekoa.

Dorre bikien atentatua, lehen hamarkada amaierako krisialdi latza, migratzaileen exodoa, pandemiaren krudela, taula politikoaren aztoratzea. Blair, Zapatero, Ibarretxe, Merkel, Trump. Interneten eklosioa, sare sozialen loratzea, Whatsapp, Tik Tok, adimen artifiziala. Izenak mordoa, kontuak ehunka, dramak milaka. Nola mutatu den zapaltzen dugun lurra hain denbora gutxian. Trostan, ia modu ikusezinean, etengabean mugitzen den zaldia da denbora. Urtemugek artifizialetik ere badute, urte soilak numerologiaren magiaren pean jainkotu nahi izatetik. Hala ere, ekin diezaiogun bizi gosez eztizko sail berri honi!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide