Bada Atlantiko luze-zabalaren bestaldeko ertzean suminduta dabilenik. Mundu zoro hau bere desiren erara zein moldera birsortzea nahi duenik. Garraztuta dabilenik, umorea pipertuta sumatzen zaionik. Kapitalaren erreinuan, inperio autarkikoa ezartzea nahi duen enperadore ile horia. Donald Trumpek gobernu orori eman ei zaizkion ehun egun graziazkoak sobera izan ditu xake taula irauli eta multilateralismoari iskin egin nahi izateko. Blokeen joko tektonikoan, Ameriketako Estatu Batuen loria eta lehengo distira ditu amets.
Kaosa parez pare, non topa helduleku edo makuluak? Mende laurdenean baino hilabete eskasean historiak luizi gehiago izan ohi dituela entzuna dugu. Prestatu beharko ditugu sareak, arrantza betera datozen pirata atzerritarren ontzientzat pareta ala tope. Gudak teknologikoa dirudien honetan, funtsezkoa zaigu ikerketa, peskiza nahiz nolanahiko aurrerapen. Oasi txikien ezabatzea, dibergentzia politikoaren zentsura, kritikoa behar lukeen pentsamenduaren lausotzea eta ttipitzea. Armada burugabe bat, ez burujabea den jendarte bat. Gisakoak ditu trunpati halakoak bere etxeko lan zerrendan. Luzerako doa trabesia, altxa belak.