Boteprontoan

Mirari bila

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2025ko abu. 12a, 08:37

Imanol Pradales lehendakaria. (Irekia-Eusko Jaurlaritza)

Ignacio Arakistainek uztaileko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Gernikako arbolapean zin egin zuenetik urtebete pasatu denean, elkarrizketa sorta eskaini du ekain hondarrean Imanol Pradales lehendakariak. Aritu da hitz hartzeotan Madrilen arnastu ei den poluzio politikotik apartatu nahian. Sare bereiztaile bat ezarriz ozarkeri ayusotarraren eta ustezko talante bare euskaldunaren artean. Klima aparteko bat ba omen da sumatzen Gasteizen, irain zein laido lanabes bilakatu dituztenengandik urrun.

Ezin zaio ez ukatu lehendakariari patxada oinordetzan jasoa. Tenplea, Urkullu maisuari aise ikasia. Gestioaren patinak ugaritan ezkutatzen duen hoztasun eta enpatia apurra. Grisa, gizona. Politikagintzak prestigio kotak lurraren pean dituen garaiotan, inozoarena litzateke hizlari gartsu eta dialektikoki basati batek lehen lerrora jauzi egingo lukeela sinestea. Oratoria suzko txinpartez –Arzalluz bat kasuko– blaitua. Kañak, tardeo kastizoak, proiektu elektoral dituztenen parean, hobe zuhurtzia. Somnolentzi estalia. Autopista laua, 2027ra bide. Milagron, Erribera betean, jaiotako bandidoak legealdia du kolokan; ea nor den orain miraria inbokatzeko kapaz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide