Zuritua nuen burugaina konturatzerako. Hezea zirauen udazkenak, hosto idorrez koloreztatua. Bazirudien ez genuela trantsiziorik izango hondartza egunen eta beheko su altzoko arratsen artean. Erdibidekorik ez, jada larruz mutatzen zihardutenean zuhaitzek. Perretxikorik gabeko urriak suminduta zituen mendizale hainbat. Ur bako lursailekin kezkatuta ziren besteak. Mudan zen termometroa, eromen betean.
Aldaketa klimatikoa, tenporen aztoraren ala patuaren kabala. Zeuk egotzi erruak. Azaro erdian heldu zitzaigun, tupustean, iritsiko ez zela uste genuen hotz oldea. Bat-batean hantxe mendi gain elurtua, basamortu zuri amaigabea. Tenperatura norvegiarren oihartzun isila, ipar haize ikara eragilea. Ez al genuen europarragoak sentitu nahi? To argiaren urria, ilunabar euritsuen goibela! Sentitzen hasiak ginen ordurako, giro tropikal hartan, kanariar. Amets genuen Gabon sasoi epel bat; amets, egitea mahuka motzetan Gabon zaharreko poteoa. Botak alboratzea, aterkiaz desertatzea. Zuria nuen, baina, burugaina. Zuria, bero gose antzua. Atera zamarra mardulak, harrapatuak gauzka neguak.