Kafesne jada epel bati azken zurrupadak ematen ari nintzela irakurri nuen asaldatu ninduena. Ezinegon bizia tripetatik gora, gosaritarako edari marroixkarekin topo eginez, trakeako autopista aldebikoan. Donostiako zinema jaialdi prestigiotsua, zuzendari are loriatsuago baten bila, antza denez. Nazioarteko izate horren zera hori. Donostiarrek hain berea duten probintzianismo hanpatsu eta kutrexka. Euskararen aferak piztu ei ditu jendearen garrak.
Kultura sailburuak aipatu du beharrezkoa izanen dela euskararen jakintza. Ño, ondo, neure baitan. Baina izan litekeela zuzendaria, bertakoa ez dena ere. Gestore serbiarra euskara kurtso intentsiboan ari ote? Hobe, hala balitz. Irakurleen komentario pila, segidan. Entxufismoa, bidegabekeria, diskriminazioa. Kazetariak ere, hots, Berlinaleko zuzendariak ez dakiela alemanieraz. Beste aukera galdu baten loratzea, enetzat. Kanpokoaren usna etengabean gabiltzan honetan, nazioartekoa geure egiten baino, gurea kanpora hedatzen aritu beharko ginateke. Alemanieraren hedapena eta estimua izango balu euskarak, aditzekin trabatuta dabilen serbiar gizajoa jarriko nuke zirku triste hau gidatzen.