Akitzen du bat derrepenteko beroak. Akitu, anorak bat-batean bainujantzi bilakatuak. Erreguka eskean aritzeak, irits dadin ertzeko urtaro arteko brisadun udaberria. Gurean, trantsizioak azkarra behar du izan armairuko apaletan. Di-da hartzen du itxura udatarra gure jantzien gotorlekuak. Nahi izanda ere batek motel dastatu zuhaitzen berdetzea, eguzkiaren alde egiterako nagia edota lozorrotik esnatzen diren animalien aharrausi gozoa, konformatu beharra du tupustean datorkion labe garaien suarekin.
Badirudi etenik izango ez duen fase tropikalean instalatuta gaudela. Hondartza arratsaldeak amets dituzun gizarajo horrek, ordea; ez itzazu urrunera ezkutatu guardasolak, eguzkitatik baino beharko duzu-eta babestu oraindik oporrak gristeko mehatxuka agertuko den borraska izendun horietako batetik. Peter, Laura ala Joseph. Nork erabakitzen ote du oporraldia izorratu behar didan depresioak zer izen daraman? Jarri beharra al dago izate itsusiko kazkabarrari izena? Neure depresioari errudun bat bilatzeko premia da, akaso. Primadera isilean –kamuflatuan, alajaina– gauden honetan, saia gaitezen garaikoaz gozatzen.