Boteprontoan

Urte berri on!

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain

(Argazkia: Pixabay)

Ignacio Arakistainek iraileko Azpeitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Konklusiboagoa. Itxiera usain nabarmenagoa duena, alajaina. Halaxe definitu ohi dute abuztu amaiera irakasle lanetan aritzen direnek, ikasturte berriaren hasiera urtearen beraren hondarrarekin konparatzen denean. Izan ere, udari oraindik egunak gelditzen zaizkion honetan, jango luke batek baino gehiagok negu betean irentsi ohi dugun mahats dozena. Urtarrileko malda ezagunak –dietara bultzatu ohi gaituenak, polboroi jasa pasatuta– izan ohi du erreplika urtearen bederatzigarren honetan ere. Eskolarako materiala erosi beharra, opor apurrak xahutzea, opor ostea alaitzeko kapritxoa. Nahi adina aitzakia, kartera patrikatik ateratzeko.

Umeak ginela, iraila beti zen hilabete grisa, itzuleraren mamuak hala tindatua. Ikastolako errutina besterik ezagutzen ez duenarentzat, udarak oparitutako libertate leihoaren itxiera zen hura. Errutinaren ziegan berriro giltzapetzeko kondena. Urteak aurrera joan ahala, urte hasiera partikular honi atera izan dizkiot irribarretzeko arrazoiak. Gure kontzientziak bestelakoa esanda ere, uda egun gehiago ditu irailak, ekainak baino, adibidez. Eguzkiak blaitutako azken herri jaiak, marea biziak itsasertzean, estropaden jitea eta Zinemaldiaren izar andana. Eta, aizu, oporraldiko erritmoa lasaitu eta etxeratzeak dakarren plazera ere hor dago. Urte berri on, beraz!

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide